28 urteko langile bat hil zen atzo Leitzan (Nafarroa), basoko lanetan ari zela. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, kable batek buruan jo, eta garezurra hautsi zion. Horrez gain, odol jario handia izan zuen. Oraindik ez dago argi zerk eragin zuen istripua; Guardia Zibila ari da ikertzen.
Goizeko hamarretan jaso zuten gertatutakoaren berri larrialdi zerbitzuek. Leitzalarrea izenez ezagutzen den basoan izan zen istripua. Leitzatik zazpi kilometro iparraldera dago hura, NA-4150 errepidean, saihesbide batean ezkerrera hartuta. Nahiko zaila da hara iristea. Hori dela eta, bi helikoptero, anbulantzia bat eta suhiltzaileak joan ziren. Ezin izan zuten ezer egin, berehala hil zelako behargina.
Jatorriz errumaniarra zen, baina Villabonan (Gipuzkoa) bizi zen. Lana, berriz, Lizartzako Basalan Arrospide enpresan egiten zuen. LABek salatu du atzerritarrek jasaten dituztela lan baldintza kaskarrenak eta gogorrenak. Horrez gain, sektoreko lan erritmoa gaitzetsi du. «Heriotza hau ez da edozein sektoretan izan, ez zaio edozeini gertatu. Badakigu zer-nolako lan erritmoak izaten diren holako lanetan eta erritmo horiek direla-eta zer garrantzia ematen zaion segurtasunari». Sindikatuak istripua salatzeko mobilizazioak iragarri ditu.
Beste langile bat ere hil zen atzo: I. A. Barakaldoko (Bizkaia) Mukusuluba ikastetxeko irakasle bat. Emakumeak 51 urte zituen. Herenegun gertatu zen ezbeharra, 14:00 inguruan. Furgoneta batek harrapatu zuen irakaslea, eskolako patioan. Jangelarako janaria eramaten duen enpresako ibilgailu bat atzeraka ari zen maniobra egiten. Azpian harrapatuta geratu zen emakumea, eta suhiltzaileek atera behar izan zuten. Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, eta han hil zen atzo.
Gertatutakoa gaitzetsi du ELAk. Haren esanetan, pertsonek eta ibilgailuek ez lituzkete partekatu behar igarobide berberak. «Istripuak lan prozedura okerren emaitza dira, osasun eta segurtasun arauak betetzen ez direlako, lan erritmoak handiegiak direlako gertatzen dira», esan du. Administrazioei leporatu die arazoari irtenbidea aurkitzeko borondate politikorik ez edukitzea.
Atzo hildako bi langileez aparte, beste bat ere zendu da aste honetan. Asteazkenean, Barakaldoko 33 urteko kamioilari bat hil zen Arrasate parean gertatutakoistripuan. Lau metroko altueratik jausi zen ibilgailua.
ELAk egindako kontaketaren arabera, 80 pertsona hil ziren joan den urtean lanean ari zirela. LABek bi gehiago zenbatu zituen. 82 langileetatik 26 Bizkaian zendu ziren, 24 Gipuzkoan, hamasei Araban eta hamabi Nafarroan.
Bi langile hil dira lan istripuz
Leitzan, basoan lanean ari zen langile bat hil da, kable batek buruan jota; Barakaldon, irakasle bat, furgoneta batek jota
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu