Bi langile hil dira Nafarroan, aldamiotik erorita bat eta tornuak harrapatuta bestea

Lan arriskuen gaineko ardura dutela gogorarazi diete sindikatuek enpresei, eta arauak betetzeko eskatu dute

Mikel Carramiñana.
2010eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Urtea hasi denetik bi aste bakarrik pasatu badira ere, bost dira dagoeneko Euskal Herrian lan istripuetan hil diren beharginak. Azkeneko biak Nafarroan gertatu dira, 24 ordu baino gutxiagoko epean. Beriainen 40 urteko langile bat hil zen atzo aldamiotik erorita, eta herenegun, berriz, 55 urteko gizonezko bat zendu zen Erriberrin, tornu batek harrapatuta.

J. M. J. O. izeneko iruindarra Beriaingo kotxetegi zaharrean lanean ari zen, lurretik hiru metro ingurura zegoen aldamioan. Oraindik argitu ez dituzten arrazoiak direla medio, handik erori eta kolpe larria hartu zuen. Foruzaingoak jakinarazi duenez, DYAko kideak bertaratu ziren Nafarroako Larrialdien Agentziari gertatutakoa jakinarazi ondoren, eta zauritutako langilea suspertzen luze saiatu arren, ez zuten arrakastarik izan.

Goizeko 11:30 inguruan gertatu zen ezbeharra, Miravalles eta San Frantzisko Xabier kaleeneta Subizarako errepideen artean, etxebizitzak eraikitzeko obretan. Construcciones San Martin enpresarentzat ari zen lanean behargina.

V.G.V. langilea, berriz, herenegun hil zen istripuan, Erriberrin. Beire etorbideko lehen kilometroan kokatutako Talleres Garde enpresaren tailerretan lanean ari zela tornu batek harrapatuta. Ezbeharraren unean bakarrik zegoenez, enpresako jabeak heldu zirenean aurkitu zuten gorpua, gaueko bederatziak aldera. Zaintzaldiko sendagilea tailerrera bertaratu arren, gizonezkoa hilda zegoela egiaztatu besterik ezin izan zuen egin.Talleres Gardek mahastizaintzarako makinak konpontzeko lanak egiten ditu, besteak beste.

Lan arriskuen ardura

Nafarroako CCOO eta UGT sindikatuek azken lan istripu horien ondorioak deitoratu zituzten, eta, horrez gain, enpresei lan arriskuen gaineko erantzukizuna dutela oroitarazi zieten. UGTk arauak bete behar dituztela gogorarazi zien enpresaburuei, eta administrazioari, berriz, zigorrak ezartzeko eskumena duela esan zion. Nafarroako CCOOk ere eskatu zieten enpresei lan arriskuen gaineko neurriak «muturreraino zaintzeko».

LAB sindikatuak eginiko zenbaketaren arabera, bost behargin hil dira urte hasieratik Euskal Herrian. Deban (Gipuzkoa) gertatu zen lehenengoa, urtarrilaren 4an, eta Urdiñarben (Zuberoa) bigarrena, hilaren 6an. Hirugarrena, berriz, Hazparnen.



Lotu kanpaina «propaganda hutsa» eta «alferrekoa» dela salatu du ELAk

Eraikuntza sektorean gertatzen diren erorketei aurre egiteko EAEko gizarte elkarrizketako mahaiak herenegun aurkeztutako Lotu kanpainari «propaganda huts» deritzo ELAk. Izan ere, sindikatuaren arabera istripu horien benetako arrazoiak ez ditu aintzat hartzen, eta, horregatik, «alferrekoa» izango dela salatu zuen atzo, prentsa ohar baten bitartez.

ELArentzat, egitasmoa sustatzen dutenek (UGT, CCOO, Confebask eta Eusko Jaurlaritza) «interes komunak» dituzte, eta, horregatik, azpikontratazioen, iruzurraren eta prekarietatearen aurka ezer ez dutela egingo esan zuen, hori «patronalaren kontra egitea izango litzatekeelako». Kanpaina onartzeko baliatu duten bidea ere kritikatu zuten, «eskandalu politikoa» dela salatuta, Osalanetik kanpo adostu izan dutelako, hain zuzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.