Hego Euskal Herriko bi erkidegoen zorra 2.667 milioi euro handitu da azken urtean. Espainiako Bankuaren datu ofizialek diotenez, Jaurlaritzaren zorra 1.668 milioi eurotan handitu da 2011ko azken hiruhilekotik 2012ko azkenekora. BPGari begiratuz gero, ia hiru puntu hazi da: %8,3tik %11ra. Azken hiruhilekoan 101 milioi euroren zor garbia pilatu du Jaurlaritzak.
Jaurlaritzaren menpeko enpresa publikoek beste 113 milioi euro zor dituzte, BPGren %0,3. Urtebete lehenago askoz gehiago zen (601 milioi), baina horren zatirik handiena Jaurlaritzaren beraren kontuetan zenbatzen da orain (BECena, esaterako).
Nafarroako Gobernuaren zorra 399 milioi handitu da azken urtean, edo BPGren puntu 2,5 puntu: BPGren %12,9tik %15,4ra. Hazkunde hori, ordea, 2012.urtearen hasieran gertatu zen. Azken hiruhilekoan 85 milioitan txikitu du Yolanda Barcinaren gobernuak. Behera egin du Nafarroako enpresa publikoen zorrak ere: 62 milioi ziren 2012 amaieran (BPGren %0,3), duela urtebete baino 12 milioi gutxiago.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek, berriz, 2.064 milioi euro zor dituzte (BPGren 3 puntutik gora). Haien zorra beherantz egiten ari da azkenaldian: 2.359 milioi eurotan jo zuen goia 2012. urteko bigarren hiruhilekoan, baina ordudanik ia 300 milioi eurotan jaitsi da.
Espainiaren zorra 884.416 milioi eurora iritsi zen iaz, BPGren %84 hain zuzen ere. Urtebetean 14,8 puntu igo da, horietatik 3,9 bankuen erreskatearen ondorioz. Estatuaren zorraren zatirik handiena (760.000 milioi) administrazio zentralari dagoki. Erkidegoek 185.000 milioi zor dituzte (horietatik 51.000 milioi Kataluniak, bere BPGaren %25,9). Udalek eta tokiko beste erakundeek ia 42.000 milioi zor dituzte.