Europako Batasuna

Bi urte gehiago defizit mugak betetzeko

Defizitaren muga %3ra jaisteko Espainiari eta Frantziari bi urte gehiago ematea proposatu du Europako Batasunak.   

Iker Aranburu.
2013ko maiatzaren 3a
13:57
Entzun

2013ko Udaberriko Aurreikuspenean, Bruselak panorama kaskarra irudikatu du eurogunearentzat.  Aurten %0,4 txikitzekoa da barne produktu gordina, eta hazkundea 2014an itzuliko litzateke, %1,4rekin. Europako Batasun osorako datu pixka bat hobexeagoak espero ditu: -%0,3 aurten eta +%1,4 datorren urtean. Ekonomia urtearen bigarren erdian "egonkortuko" dela iragarri du Rehnek.

Langabeziak gora egiten jarraituko du, eta %12,2ra iritsiko da aurten. 2014an, hazkundearekin ere, apenas jaitsiko da eurogunean, %12,1ra. Aurreko agerraldietan ez bezala, Rehnek behin eta berriro azaldu du kezka langabeziari buruz, eta hura txikitzeko neurriak eskatu egin ditu, batez ere lan merkatuaren erreformak.  "Ahal den guztia egin behar da Europaren langabeziaren krisia gainditzeko".

Langabeziari buruzko aipamenak erakusten du hein batean Europako Batzordeak muturreko austeritate politika biguntzeko prest dagoela. Beste keinu bat da defizita txikitzeko denbora gehiago emateko prest dagoela. Horrela, Europako Batasuneko gobernuburuek Batzordearen proposamena aintzat hartuz gero —eta hartuko dute—, Espainiako Gobernuak 2016ra arte izango du defizita %7tik %3ra jaisteko (2014 arte zuen orain arte) eta Frantziakoak 2015era arte (aurten egin behar zuen).

Parisko Gobernuari erreformen erritmoa bizkortzeko egiteko eskatu dio Olli Rehn Europako Batzordeko Ekonomia komisarioak, eta neurri gehiago har ditzala "bere hazkunde potentziala handitzeko". Kezkatuta azaldu da Rehn Frantziako industriaren "lehiakortasun galerarekin", eta lan kostuak txikitzeko neurriekin konpontzeko eskatu. Pentsioen defizita konpontzeko ere galdegin dio. EBk Frantziarako egin dituen aurreikuspenak betetzen badira, François Hollandek nekez bete ahal izango du bere agintaldiaren promesa nagusia, langabeziaren hazkundea geratzea hain zuzen ere. Izan ere, Bruselak espero du langabezia %10,6era iritsiko dela urtearen amaieran, urtebete lehenago %9,8 zela. Datorren urtean ere, Frantzia hazkundera itzulita ere, gehiago handituko da, %10,9ra arte. Frantziaren zor publikoak ere handitzen jarraituko du, eta %96,2ra iritsiko da 2014. urtearen amaieran. Ordurako, defizita txikitzeko neurri gehiago hartu ezean, %4,2ra igoko da kontu publikoen desoreka.

Espainiari aholkuak emateko orduan zuhurrago jokatu du Rehnek, eta esan du aztertzen ari direla joan den astean Madrilek bidalitako erreforma planak. Maiatzaren 25erako espero dira eskaera berriak. Espainiaren aurreikuspenak Frantziarenak baino are okerragoak dira: BPGa %1,5 txikitu da aurten, langabezia %27ra iritsiko da, zorra %91,3ra eta defizita %6,5ean geratuko da. 2014an defizita %7ra igoko dela dio Bruselak, baina aurreikuspen horrek ez du kontuan hartu Madrilgo gobernuak luzatu egin dituela bere agintaldiaren hasieran erabaki zituen errenta zergaren igoerak. Ekonomiarekin batera jaitsiko dira lan kostuak: %3,5 txikitu ziren iaz, %2,2 aurten eta %1,8 datorren urtean. Hau  da, lan erreformaren ondorioz soldatek jaisten jarraituko dutela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.