Oraindik ez da nabari susperraldirik etxebizitzen merkatuan. 2008a urte txarra izan bazen etxea saltzekotan zebiltzanentzat,2009a okerragoa izan da. Espainiako Etxebizitza Ministerioak emandako datuen arabera, %13 murriztu dira salmentak Hego Euskal Herrian. Orain bi urteko datuekin alderatuz gero, %31koa izan da beherakada.
Eustatek, berriz, prezioen gaineko ikerketa egin du. Haren arabera, merkatu egin dira bai etxe berriak eta bai bigarren eskukoak. Azken horietan aldea gehiago igarri da. Iazko azken hiruhilekoan, 3.779 euro balio zuen erabilitako etxearen metro koadroak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hau da, hirugarren hiruhilekoan baino %1 gutxiago eta 2008ko azken hiruhilekoan baino %10 gutxiago. Etxe berriei dagokienez, batez beste, 4.033 euroko prezioa zuen metro koadroak. Hiru hilabetean, %0,2 jaitsi da salneurria, eta urtebetean, %0,5.
Hiriburuei erreparatuz gero, Donostian, %9,2 garestitu dira etxe berriak urtebetean;bigarren eskukoak, berriz, %2,4 merkatu. Gasteizen, berriek %5,4 gutxiago balio dute, eta erabilitakoek %3,5 gutxiago.Bilbon, hurrenez hurren, %4,3 eta %8,8 jaitsi dira prezioak. Eustaten datuen arabera, etxe agentziek, batez beste, 8,6 hilabete behar dituzte etxe bakoitza saltzeko.
Salneurriak ez ezik, alokairuak ere merkatu dira 2009an. Batez beste, hilean 875,3 euro ordaindu behar dira errentan hartutako etxeagatik, 2008an baino %12,7 gutxiago. Babestutako etxeen kasuan, 219,8 euroan dago alokairua, aurreko urtean baino %6 merkeago.
Bi urtean %31 jaitsi da etxebizitzen salmenta Hego Euskal Herrian
Erabilitako etxeak %10 merkatu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; eta etxe berriak, %0,5
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu