Makroekonomia

Bi urtean 600.000 lanpostu sortuko direla ziurtatu du Espainiako Gobernuak

Hazkunde aurreikuspenak nabarmen handitu ditu Ekonomia Ministerioak, Bruselari igorriko dion Egonkortasun Planean.

Montoro Espainiako Ogasun ministroa, gaurko agerraldian Egonkortasun Planaren inguruan azalpenak ematen. CHEMA MOYA, EFE
Ivan Santamaria.
2014ko apirilaren 30a
12:11
Entzun

Ekonomiaren etorkizun hurbilari buruz mezu ezin baikorragoa eman du gaur Espainiako Gobernuak. Hazkundea espero baino handiagoa izateaz gain, enpleguan ere hobekuntza igarriko dela ziurtatu du. Hain zuzen ere, 2014. eta 2015. urteen artean 600.000 lanpostu garbi sortuko direla kalkulatu du. Horrekin batera, gainera, epe berean 800.000 langabe gutxiago egotea espero du.

Rajoyren gobernuak Ministro Kontseilua izan du gaur goizean. Horretan, Europako Batzordeari igorriko dion 2014-2017 Egonkortasun eta Erreforma Planari oniritzia eman dio. Ondoren, azalpenak eman dituzte Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak, Luis de Guindos Ekonomia ministroak eta Cristobal Montoro Ogasun ministroak.

Hazkundeari dagokionez, Espainiako ekonomia %1,2 handituko da aurten, eta %1,5 datorren urtean. Horren ondoren susperraldiak benetan abiadura hartzea espero du gobernuak. 2016an hazkundea %2,3 litzateke, eta %3 2017an. Aurten hasita, gainera, urtero enplegu sorrera garbiari eutsiko zaiola uste du. Lau urteko ziklo horretan, halaber, batez besteko langabezia tasa sei puntu baino gehiago murriztuko dela diote aurreikuspenek. 2013. urtean %26,1 izatetik 2017. urtean %19,8 izatera. Datuek hobekuntza nabarmena islatzen badute ere, aurreikuspen "zuhurrak" direla agindu du De Guindos ministroak.

Defizit gutxiago

Koadro makroekonomikoarekin batera, defizit helburuena ere gaurkotu du Espainiako Gobernuak. Berrikuntza nagusia da aurtengo helmuga are gehiago jaistea erabaki duela. Bruselarekin defizita %5,8 izatea zuen hitzartuta, baina %5,5era murrizteko erronka ezarri du. Lau urte barru, 2017. urtean, BPGren %1,1 izateraino jaitsi nahi du defizita gobernuak. Bide-orria "austeritatea" dela ohartarazi du Montoro ministroak. Izan ere, gastu publikoari galga jarrita bete nahi ditu helburu horiek. Lau urtetan gastu publikoak duen pisua lau puntu baino gehiago jaitsiko da. "Aurrezkiak dira, ez murrizketak", argudiatu du Montorok. Aldi berean, zergak jaisteko erreforma bat indarrean jartzeko asmoa du gobernuak. Horren ondorioz ekonomiaren hobekuntza ia ez da nabarituko diru sarreretan. Presio fiskala puntu erdi bat baino ez litzateke igoko 2014 eta 2017 urteen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.