Altsasuko Sunsundegui enpresako langile batzordeak ez du sinatu goizean Nafarroako Gobernuak eta UGTk adostutako "bideragarritasun plana", eta tentsioa ziztu bizian egin du gora enpresan. "UPN-UGT akordioa Sodena enpresatik atera ahal izateko besterik ez dela" uste du langile batzordean gehiengoa duten sindikatuek, ELAk eta LABek. Eta ondorioz, "inposaketari uko" egin diote. Baina azkar aldatu ziren gauzak.
13:00etan langileen batzarra deitu dute, eta sindikatu abertzaleek "izugarrizko presioa" jasan behar izan dute, gehiengoa edukita ere; "mehatxuak eta irainak egon dira, baita indarkeriatik oso gertuko egoera larriak ere", esan du LABeko ordezkari Oscar Telletxeak. 15:00etan langile batzordearen batzarra egin dute, eta orduan etorri da ezustea. ELAko ordezkari batek bere botoa eman du Barcinaren exekutiboak, enpresa zuzendaritzak eta UGTk adostutako planaren alde.
Langile batzordearen oniritzia behar zuen planak aurrera ateratzeko, eta ez zuen, harik eta ELAko ordezkari horren boto aldaketa iritsi den arte. Ordezkari baten boto aldaketak batzordearen oreka aldatu du, eta gehiengoa planaren alde jarri du.
Sodena (Nafarroako Gobernuaren sozietatea) Sunsundeguitik ateratzea, eta enpresaren jabetza zuzendaritzak (%51) eta langileek (%49) hartzea proposatzen du plana. 65 langile kaleratzea jasotzen du, halaber, «berregituraketaren parte gisa». Datozen egunetan jarriko dute martxan.