Fagor kooperatibaren arazoek lurrikara sortu dute asteon. Halako garrantzia eta tamaina duen enpresa baten erorketak izan ditzakeen berehalako ondorioetatik aparte, gainbehera ekonomikoak egitura produktiboari egindako kalteari buruzko kezka areagotu da. Galdutakoa berreskuratzea, industrian bereziki, ez da erraza izango.
Industriaren gainbehera ez zen krisiarekin hasi. Martxan zegoen prozesu bat azkartu baino ez du egin, Europan behintzat. Behinola gizarte modernoen eta ongizate estatuaren zutabeak jartzeko prozesuan erabakigarria izan zen industria. Globalizazioaren aroan, ordea, pisu historiko hori galtzeari ekin zion, zerbitzuen mesedetan. Krisi ekonomikoaren kolpe latzak estrategia hori birpentsatzeko beharra azaleratu du. Industria aurreratu eta indartsurik gabeko Europa AEBen, Japoniaren edo Txinaren menpe geratuko litzateke.
Kontinenteko herrialde gehienetan industriak aberastasunaren sorreran duen pisua jaisten ari da. Europako Batzordeak berak ezinbestekotzat jo du prozesu hori gelditzea eta buelta ematea. «Ezin diogu geure industriari alde egiten utzi. Geure kalkuluak oso argi daude: industriak hazkundea eta enplegua sor ditzake», Antonio Tajani Industria komisarioaren hitzetan. Orain dela urtebete, 2020. urterako lortu behar den helmuga ezarri zuen: eskulangintzaren pisua BPG barne produktu gordinaren %20ra igotzea. Halaber, barne merkatuko produktuen salerosketa %25era handitu nahi du.
Lehenengo emaitzak ez dira onak. Ez da beheraldia gelditzea lortu, eta industria oinarria galdu da berriro ia kontinente osoan. Gaur egun, eskulangitzaren ekarpena %15 inguru baino ez da, eta hamabi herrialde kopuru horien azpitik daude. Energia kontuan hartzen bada, bigarren sektorearen ekarpena BPGaren %19ra iristen da. Industriaren produkzioa krisiaren aurretik baino %10 txikiagoa da gaur egun, eta bidean lau milioi lanpostu galdu dira. Eskulangitza ekoizpenean Europak zuen mundu mailako lehen postua galtzekotan dago, Txinaren mesedetan.
Susperraldia oso ezberdina da herrialdez herrialde. Soilik sei herrialdek lortu dute eskulangintza produkzioa krisia hasi aurretik zuen mailara bueltatzea, seiak ekialdeko blokekoak. Batez besteko erorketa %12 inguru da EBn. Sei herrialdek %20 edo gehiago galdu dute, eta hiruk —Espainia, Grezia eta Zipre—, %30.
Gainbeheraren hasiera atzerago bilatu behar da, ordea. 2000. urtetik aurrera oso gutxi dira eskulangintzaren alorra indartu duten herrialdeak. Aurreratuen artean salbuespen bakarra Alemania da. Mende hasieran zeukan oinarriari eutsi dio, eta Europako batez bestekoen gainetik segitzen du, nabarmen.
Era berean, gutxi dira erorketari buelta eman dioten industriaren atalak, oraingoz. Kanpo eskaerak bultzatuta, krisiaren aurretik zuten maila gainditu dute botiken, mineral metalikoen eta garraio ekipamenduen produkzioek.
Zergatik bultzatu behar da industria? Bruselak argi du zein den sektorearen indarra eta zer ekarpen egin dezakeen. Berrikuntzaren %80 industrian egiten da. Eskulangintzan sortzen den lanpostu bakoitzeko beste bat sortzen da zerbitzuetan. Europak egiten dituen esportazioen hiru laurden bigarren sektoreari zor zaizkio. Azken finean, ikerketa, berrikuntza, produktibitatea, esportazioak eta enplegu sorkuntza gidatzeko sektore ezinbestekoa da, indarra galdu badu ere.
Nora jo?
Orain dela bi aste, industriaren lehiakortasunari buruzko azterketa argitaratu zuen Industria komisarioak. Besteak beste, atalik ahulenak eta hobekuntzak identifikatzen saiatu dira. Bereziki, hiru dira ahuleziarik handienak: energiaren prezio garestiak, kreditua lortzeko zailtasunak herrialde askotan eta administrazioen eraginkortasun falta. Horiekin batera, inbertsio faltari buruz oharra bota du Bruselak: 350.000 milioi jaitsi da inbertsioa 2007. urtetik. Kanpo inbertsioaren %45 inguru jasotzen zuen Europak XXI. mendea hasi zenean, eta hamarkada baten ostean erdira baino gutxiagora jaitsi da kopuru hori.
Balantzaren beste aldean hainbat aurrerapauso nabarmendu ditu azterketak. Esanguratsuena esportazioak dira. Jardueraren sustatzaile nagusia dira, eta gaur egun 365.000 milioi euroko superabit komertziala du EBk. Berrikuntzak ere hobera egin du, nahiz eta herrialdeen arteko konbergentzia gelditu. Azkenik, enpresa sortzeko giroa hobetu eta langileen trebakuntza maila handitu da.
Ahuleziak eta hobekuntzak identifikatzeaz gain, herrialdeak lau taldetan sailkatu ditu, egoeraren arabera. Lehen multzoan daude oso lehiakorrak diren herrialdeak: Alemania, Danimarka, Suedia, Austria eta Luxenburgo. Bigarrenean sailkatu ditu EBko batez bestekoen gainetik dauden baina oraindik ere erreformak behar dituztenak, horien artean Espainia eta Frantzia. Trakzioa galtzen ari direnek osatzen dute hirugarren taldea. Italia. Grezia, Portugal eta Esloveniarekin. Azkenik, lehiakortasun txikiagoa izan arren hobetzen ari direnak daude, ekialdeko bazkide berri ia guztiak.
2020. urterako helburua lortzeko erronkak zaila eta urruna dirudi. Tajanik, hala ere, azken ahalegina egin nahi du. «Itun fiskalaren ondoan industria itun bat behar dugula uste dut, horretan hazkundearen aldeko ekintzak bateratzeko nahiz inbertsioak eta industria eskulangintza erakartzeko». Hitzordua ere ezarria du honezkero: 2014ko otsaileko Europako Kontseilua industriari eskainiko zaio. Kontra du, ordea, egutegia: udaberrian Europako hauteskundeak datoz, eta erabaki askorik gabeko tartea zabalduko da batzorde berria osatu eta lanean jarri arte.
Etorkizunera begirako apustua dira balio erantsi handia duten produktu berritzaileak eta maila teknologiko handia eskatzen dutenak. Sektore lehiakorrenak dira, baina gehienetan Europak AEBen azpitik segitzen du. Teknologia aeroespazialetan eta botiketan aurretik doa EB, baina asko du hobetzeko bioteknologian, informatikari lotutako alor guztietan eta argindar erdieroaleetan.
Industria politika berri bat bultzatzeko egitasmoetan lehentasun eta esparru berriak definitu ditu Bruselak. Inbertsiorik handienak sei alorretan egitea proposatu du: eskulangintza aurreratua, teknologia erraztaileak, bio oinarria duten produktuak, ibilgailu eta ontzi garbiak, eraikuntza eta lehengai iraunkorrak eta sare adimendunak. Teknologia garbiei arreta berezia eskaini behar zaiela uste du, 2020rako merkatua bikoiztuko dela iritzita.
Galera jarraia EHn
Industriaren galerari buruzko eztabaidak, batzuetan, axola handirik gabe jarraitzen dira Euskal Herritik. Industria tradizioa euskal enpresen nortasunaren eta DNAren partetzat hartu ohi da, gehiegi arduratu gabe. Industria eta energia atalak hartuta, EBn baino lau puntu handiagoa da horien pisua Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
Hala ere, Euskal Herria ez da irla bat kontinente osoak paratu duen beheraldian. 2000. urtetik zazpi puntu jaitsi da bigarren sektoreak EAEko balio erantsiari egiten dion ekarpena, %30etik %23ra. Lau puntu krisian galdu dira, baina susperraldia iristen den arte ez da argituko galera egiturazkoa izan den.
Bi atzeraldi jarraian izatea ere argi nabaritu da industriari lotutako enpleguan. Eustaten inkesten arabera, 2008. urtetik aurrera 45.500 lanpostu galdu dira bigarren sektorean EAEn. Azken bost urteotan galdutakoen erdia baino gehiago dira honezkero.
Industriak sostengatutako lanpostuen garrantzia askotan azpimarratu da. Egonkorrak izan ohi dira, eta perspektiba horrek gizarte kohesioari laguntzen dio. Bi datu ere aipa litezke garrantzi hori azpimarratzeko. Lanpostu bakoitzeko EAEko aberastasunari ekarpen handiena egiten dion sektorea da, 67.000 euro baino gehiago. Zerbitzuetan, alderatzeko, 10.000 euro gutxiago dira. Soldatan ere industria gailentzen da. Zerbitzuetako ordainak, batez beste, industriakoak baino %18 txikiagoak dira.
Edonola ere, industria enpleguaren jaitsiera ia etenik gabekoa izan da azken hiru hamarkadetan. 1985. urtean, esaterako, hamar langiletik lau ziren industriakoak, eta erdiak baino ez dira gaur egun, hamarretik bi.