Ongi etorriak kutxen eraldaketaren bigarren fasera. Iaz, sistemako 46 kutxetatik 40 fusio hotz deritzen prozesuetan sartu ziren, eta 11 talde berri osatu ziren. Horiek bultzatu ahal izateko, Espainiako Bankuak 12.000 milioi euro inguru jarri ditu FROB funts publikotik, baina fusiook ez dira aski finantza sistemaren arazoak konpontzeko. Kosta ahala kosta, aurrezki kutxek kapital pribatuaren beharra dute, baina nork jarriko du dirua benetako egoeraz ez badira fio? Eta kapital gehigarririk gabe, nekez egingo diote aurre etorkizuneko erronkei.
Epe motzera, apirilean, amaitu egiten da EBZk finantza erakundeei azken bi urteetan urtebetera mailegatutako %1eko laguntza. Bankuen arteko merkatuetan kutxen gaineko mesfidantzak jarraitzen badu, likidezia arazoek gaixo kronikoak galbidean utz ditzakete. Epe ertainera, udan, estres testak berritu egingo dira. Iazko azterketak gainditu egin zituzten Irlandako bi banku nagusiek eta gerora islatu zen arazo larriak zituztela. Europak ezin du berriz irrigarri geratu, eta udarako azterketa hori gainditzeko moduan jarri beharko dira kutxa gehienak. Epe luzera, 2013tik aurrera, Basilea IIIren irizpideak datoz, eta ordurako etxeko lan guztiak eginda behar dute.
Mezua bankuentzat ere bada ere, Espainiako Gobernuaren atzoko planaren helmuga kutxak dira batez ere. Hala, dantzalekuaren eremuak zein dantzatzeko epeak zehaztu nahi izan dizkie kutxei eta horiekin dantza egin nahi duten guztiei. Bikotekiderik topatu ez eta baldintzarik betetzen ez duenak estatuarekin egin beharko du dantza.
Ukaezina da bankuak aterako direla irabazle. Azkenaldian, pasiboen gerraren bidez, kutxak ahuldu nahian ibili dira, ahalik eta abantaila handienarekin tartari kosk egiteko. Ukaezina da, halaber, planak tentsio handiak eragingo dituela erkidego ugaritan eta kutxen artean. Ukaezina da oraingoan, mapaz gain, kutxen izaera bera astintzera doala. Hala ere, denbora amaituz doa eta kutxen gaineko mesfidantzak jada ezin dira adabaki bidez konpondu. Arazoa ez baita zor publikoa, etxegintzari lotutako zor pribatua baizik; eta azken hamarkadako adreiluaren sukarrean zerikusi zuzena izan dute kutxek. Asko doakio Espainiari, azken finean herrialdearen patua finantza sistemari berari estu lotua baitago.
Analisia
Bigarren fasean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu