Bigarren hilabetez jarraian behera egin du langabeziak Hegoaldean

Urtero legez, ekainean jaitsi egin da langabeen kopurua, eta 2.900 langile gutxiagok eman dute izena INEMen

Donostia
2009ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Udari eskutik helduta datoz aisialdia, oporrak, festak eta dena delakoak, eta horrekin batera urtero-urtero lanpostuak sortu ohi izan dira denboraldiaren hasieran. Eta krisiak berak ere ez du joera horrekin hautsi. Hala, maiatzean langabeziak behera egin zuen, eta ekainean ere berdin egin du: 2.897 langile gutxiago zenbatu ditu INEM Espainiako Estatistika Institutuak, eta hilabete batetik bestera, %1,85eko jaitsiera izan du.

Udan kontratu berriak sortzearena, ez da azken urteetako joera bakarrik; horrela egin du azken hamar urteetan ere. Salbuespen bakarra, 1999 izan zen; orduan ere, oro har, langabeziak behera egin arren, Nafarroan zertxobait igo egin baitzen.

Aurtengo ekainean, ordea, behera egin du herrialde horretan gainontzekoetan bezalaxe: maiatzetik %0,66 jaitsi da (-251 langabe). Hala ere, han izan du langabeziak beherakadarik apalena, eta Araban, berriz, handiena: %2,60koa. Azken horretan, maiatzean baino 468 langabe gutxiago zenbatu ditu INEMek. Bizkaian, berriz, %2,35 gutxiago (-1.530) eta Gipuzkoan %1,92(-648).

Uda garaian, batez ere, zerbitzuen sektorean sortzen da lana. Hain zuzen, sektore horretan jaitsi da gehien langabeen kopurua maiatzetik ekainera: 1.933. Industrian, berriz, 692 langabe gutxiago egon dira. Nekazaritzan, aldiz, igo egin da kopurua (130). Eraikuntzan, berriz, Nafarroan bakarrik hazi da langabezia, 130 langabe gehiagorekin.

Iaz baino 52.000 gehiago

Emaitza positiboa izan den arren, kontuan hartzeko bi faktore daude. Batetik, aurten iazko ekainean baino ia 52.000 langile gehiago daudela. Ekainetik uztailera Araban jaitsi da gehien langabezia, eta iazko ekainetik aurtengora ere Araba izan da hazkunde handienaizan duen lurraldeetako bat: %61,76koa. Hala ere, Nafarroako langileak izan dira kaltetuenak, iaz baino %65,29 gehiago baitaude aurten INEMen zerrendetan, 14.844 guztira. Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, %50etik behera hazi da langabeen kopurua.

Bigarrena, berriz, jaitsiera udari lotutako lanpostuak direla. Horrenbestez, bi hilabete hauek salbuespena izango diren itxura osoa daukate, datozen hilabeteetarako langabezia haziz joango dela espero baita.

Sindikatuek ere jaitsiera garaiak berak eragindakoa izan dela nabarmendu dute. LABen arabera, ezin zaio jaitsiera «Gasteiztik, Iruñetik edo Madrildik martxan jarritako inongo neurri politikori» egotzi. Aitzitik, neurriak martxan jartzeko daukaten «gizarte perspektiba falta kritikatu» behar dela iritzi dio, eta baita «banku, patronal eta multinazional handien alde» egiten ari diren politika ere. Bitartean, langileak «babes gabe» daudela gogoratu du sindikatuak.

Euskadiko CCOOk ere jaitsiera horrek aurreikuspenak ez dituela aldatzen adierazi du. «Kimu berdeak beharrean, denboraldiko loreak» direla esan du, eta, horrenbestez, arretaz jokatu behar dela: «Datorren hilabeteetako garapenak, eta batez ere, opor ondorengo hilabeteenak, joera bat zehaztuko du, eta, printzipioz, ez da hilabete honetakoa bezain positiboa izango».

Zuhurtziaren hariari egin dio tira Espainiako Gobernuak ere. Langabeen kopuruak behera egin du hor ere ekainean (55.250 gutxiago, guztira, 3.564.889 langabe), baina oraindik ere joera aldaketari buruz hitz egiteko gehiago itxaron behar dela azaldu du Maravillas Rojo Lan Ministerioko idazkari nagusiak.

Rojok uste du jaitsiera hori gobernuak berak martxan jarritako enplegu planari esker gertatu dela. Hego Euskal Herrian, hain zuzen, 20.460 lanpostu sortu ditu E Planak, Espainiako Lan Ministerioak emandako datuen arabera.



Azken hamar urteetako langabezia tasa altuena dauka Euroguneak

Dagoeneko %9,5eko langa gainditu du langabeziak Eurogunean,eta azken hamar urteetako mailarik altuenean dago tasa. Europako Batasuna osatzen duten 27 herrialdeak kontuan izanda datua ez da hobea: %8,9ko tasa daukate, eta 2005etik ez baita horren maila okerrean egon. Datu horiek Eurostat estatistika erakundeak emanditu.

Beste behin, Espainiaren datuek eragin dute langabezia horrenbeste puztea Europan: %18,7raino iritsi baita. Baltikoko herrialdeetan ere nabarmen igo da. AEBetan ere altu segitzen du langabezia tasak, %9,5an. Gainera, maiatzean baino 145.000 lanpostu gehiago suntsitu dira ekainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.