Greba eguna izanagatik, «borrokarako beste egun bat» da irailaren 26a Barakaldoko Langabeen Asanbladako kideentzat (Bizkaia). Kalera atera dira, ikurrina eta megafonoa aldean, baina karrikan izan dira aurreko egunetan, eta bihar ere herrian barrena ibiliko dira, enplegu eske. «Lanik eduki ez arren, ezin zaitezke etxean geratu, sofak irentsita. Dinamika horretan sartuz gero, zureak egin du! Aktibo mantendu behar duzu, zure egoera zein den kalean salatu eta lanpostu bat lortzen saiatu», dio Manolo Bravok, batzordeko koordinatzaileak.
Xede horrekin biltzen dira 70 bat lagun astelehen, asteazken eta ostiralero, goizean goizetik hasita eraikuntza lanak dauden tokietara joateko eta haietakoren bat kontratatzea eskatzeko. Greba eguneko oihartzunak indarturik atera dira kalera, 09:00 inguruan. Lanbideren bulegoa ixtea erdietsi ondoren heldu dira Errekaortun dauden eraikuntza lan batzuetara.
Hiru etxebizitza dorre ari dira eraikitzen; baina horietatik bakar bat dago martxan, eta greba eguna izaki, lanak geratzea da Langabeen Asanbladakoen asmoa. Azpeitiko Antzibar enpresa (Gipuzkoa) ari da bertan lanean, eta langabeen lehen oihuak entzutean erabaki dute lanak etetea. «Nagusiak azaldu digu langileek eurek eskatu dutela lan egitea, baina gu ikustean iritziz aldatu dute», azaldu du Jon Alexander Diezek (25 urte, Barakaldo). Antzibar enpresakoek eta batzordekoek aurrez ezagutzen dute elkar. Langabeak makina bat aldiz egonak dira han, haietakoren bat kontrata dezatela eskatuz, baina lanak aurreratuago egon arte itxaroteko esana diete Antzibarrekoek. «Hala ere, bihar itzuli egingo gara. Ez dugu ulertzen zergatik ezin duten norbait hartu orain; lana egon badago», esan du Bravok.
Barakaldon eraikuntza lanetan diharduten enpresa ugari atzerritarrak direla salatu du. «Portugalgoak asko. Lehiaketa publikoetan gailendu egiten dira, eskaintzarik merkeena egiten dutelako, eta hori egin dezakete atzerritik ekartzen dituzten langileei miseria bat ordaintzen dietelako. Barakaldoko Udalaren lan publikoak dira, eta eskatzen dugu gutxieneko kontrol bat egon dadila eta herriko jendea kontrata dezatela, baldintza duinetan».
Zerrenda bat daukate batzordekoek, eta lanpostu bat lortzean, zerrendan aurrena dagoenak eskuratzen du, sei hilabetez. «Ondoren, langile horrek hamabost eguneko oporraldia hartzen du, eta enpresarekin negoziatzen dugu langile hori zuzenean kontratatzea, batzordearen bitartekaritzarik gabe, eta horrela batzordeak erdietsitako lanpostu hori zerrendan hurrena dagoenak hartzen du», azaldu du Diezek, Megaparkera bidean.
Taldean den Janette Navarrete (54 urte, Barakaldo) Gurutzetako ospitalean eta Carrefourren lan eginikoa da, batzordearen bitartez. Denera, 70 bat gizon-emakume daude izena emanda Barakaldoko Langabeen Asanbladan, eta horietatik hamabost lanean ari dira egun. «Langile horiei gaur greba egiteko eskatu diegu, lanpostu horiek asanbladarenak direlako, eta Megaparkeko saltokietakoei ere ixteko eskatuko diegu, elkartasunez bada ere, eta murrizketek haiei ere eragiten dietelako bide batez», dio Bravok. «Nolanahi ere, askotan egoera ez da batere samurra», ohartarazi du Diezek. «Sindikatuek esaten dute beldurra gainditu egin behar dela, baina beldur mota asko dago. Ez da gauza berbera nagusiarekin liskar bat edukitzea greba egiteagatik edo zure lanpostua galtzea. Nagusi askok zuzenean esaten dizute 'ikusten duzu curriculum mordoxka hau? Bada, greba eginez gero hauetako edozein jarriko dut zure tokian'. Legeak praktika horiek babestu egiten ditu orain, eta jendeak seme-alabak dauzka, hipoteka...».
Horregatik, lasaitasun handiz hitz egin dute Merkal Calzados saltokiko atera irten diren neska biekin, eta itxi egingo dutela esan dietenean txaloka eskertu diete erabakia. Conforamara iristean ertzainek inguratu dituzte, ordea. Eta segika dituztela osatu behar izan dute ibilbidea.
Greba orokorra. Kronika
Bihar ere kalean izango dira
Barakaldoko Langabeen Asanbladako kideek, Lanbideko bulegoa itxi, eta Errekaortuko eraikuntza lanak gelditu egin dituzte, herriko beharginak kontrata ditzatela eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu