Bihartik argindarra %3,95 garestiagoa izango da tarifa arautua duten hego euskal herritarrentzat, hau da, hamar familiatik zortzirentzat. Gas naturalaren prezioa eta butano bonbonarena ere igoko dira: %2,26 eta %5,92, hurrenez hurren. Argindarraren prezioak %4tik gorako igoera izango zuela pentsatzen zen azken egunetan. Asteartean, argindarraren kostuak %9,3 igo ziren enkantean, eta Espainiako Gobernuaren erabakia besterik ez zen falta argindarraren azken prezioa jakiteko. Gobernuak, ordea, berari dagokion zatia izoztea erabaki du, bere horretan uztea, eta, beraz, soilik argindarraren kostuetan ezarritako igoerak izan du eragina. Hala jaso zuen atzo Espainiako Gobernuak BOE Estatuko Aldizkari Ofizialean.
Igoerak ez die erabiltzaile guztiei eragingo, tarifa arautua —Azken Aukerako Tarifa; TUR, gaztelaniaz— dutenei baizik. Espainiako Gobernuak argindarraren prezioa aurten igo duen bigarren aldia da: apirilean %7 igo zuen.
Argindarraren prezioa bezala, gas naturalarena ere tarifa arautua dutenentzat igoko da Hego Euskal Herrian bihartik aurrera. Gas naturalaren prezioak aurten izan duen hirugarren igoera da—%0,5 igo zen urtarrilean eta %5 apirilean—.
Butano bonbonaren salneurriak ere gora egingo du uztailean, eta, ondorioz, 12,5 kilogramo pisatzen duen bonbona batek 16,45 euro balioko du —orain 15,53 euro balio du—. Bigarrenez igo da prezioa aurten— %2,9 igo zen apirilean—. Urtarrilean, aldiz, bonbonaren prezioa izoztu egin zuen gobernuak. Iaz ere, prezioa berriz aztertu zen hiruhileko bakoitzean igo zen butano bonbonaren prezioa: %3,13 urtarrilean, %6 apirilean, %5,7 uztailean eta %1,96 urrian.
ELA: «Onartezina da»
ELA sindikatuak «onartezina» deritzo argindarra %3,95 garestitzeari, atzo igorritako ohar batean azaldu duenez. Neurria «gizartearen aurkakoa» dela salatu du, eta, haren arabera, igoerak erakusten du Espainiako Gobernua «enpresa handien zerbitzura dagoela».
«Langabezia handia daukagu, familia asko hil amaierara heltzeko arazoekin daude, eta, hala eta ere, gobernuak beste igoera bat onartu du», salatu du ELAk. Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak argudiatu zuen tarifa defizitak ez duela energiaren garestitzea orekatzeko «tarterik uzten», baina gobernua «momentuko zailtasunez» kontziente dela.
Bihartik argindarraren prezioa %3,95 igoko da Hego Euskal Herrian
Gas naturalaren prezioa %2,26 igoko da uztailean; butano bonbonaren salneurria, berriz, %5,92
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu