Bihartik aurrera, ordea, jaiegunetan edozein ordutan errepide sare nagusitik ibiltzeko baimena izango dute. Zehazki, A-8, A-68, A-15, N-1, N1A, N-240, N-622 eta BI-625 (Basauri eta Arrigorriaga artean, Bizkaia) autobide eta errepideak irekiko dizkiete. Dena dela, Lapurdirako norabidean doazenentzat itxita jarraituko dute, Lapurdin jaieguna bada. Beste hainbat murrizketa ere egin dituzte, hala nola, irteera operazioetan eta jai-egun zehatz batzuetan.
Ebazpen horren bitartez, orain dela aste batzuk EAEko Auzitegi Nagusiak kaleratutako epaia bete nahi dutela azaldu du Andoni Arriola Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak. Epai horrek indarrik gabe utzi du Jaurlaritzak ibilgailu astunei ezarritako debekua eta araudia aldatu behar izan dutela dio Andoni Arriolak. «Lehen oso errepide gutxitan ibil zitezkeen kamioiak. Praktikan, ia inon ezin zuten zirkulatu. EAEko Auzitegi Nagusiak esan digu debekua ezin duela orokorra izan, eta errepideak zehaztu behar ditugula».-
IGAROBIDEAK. Eusko Jaurlaritzakerrepide sare nagusia irekiko du, kamioiei hainbat igarobide bermatzeko. «Kantauri itsasoko ertza Gaztelarekin, Aragoirekin edota Nafarroarekin lotzeko igarobideak irekiko ditugu», azaldu du Arriolak. Hala, Kantabriatik Burgos aldera edota Nafarroara joan nahi duten kamioientzat irekita egongo dira A-8, A-68, A-15, N-1, N1A, N-240, N-622 eta BI-625 (Basauri eta Arrigorriaga artean, Bizkaia) errepideak, herrialde horietan jaiegunetan ibiltzeko arazorik ez dutelako. Haatik, Lapurdin ere jaieguna bada (Ipar Euskal Herrian kamioiek jaiegunetan ibiltzeko debekua dute), hara joan nahi dutenentzat itxita izango dira: A-8an Galdakaotik, N-1ean Miranda de Ebrotik (Burgos, Espainia) eta A-15ean Etxegaratetik. Neurri horrekin Irunen (Gipuzkoa) kamioiak bide bazterrean pilatzea saihestu nahi dute. Debeku hori, dena den, bertan behera utziko dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan jaieguna denean eta Lapurdin laneguna denean; hau da, urtarrilaren 6an, ostegun eta ostiral santuan, uztailaren 25ean, uztailaren 31n, urriaren 12an, abenduaren 6an eta abenduaren 8an.
Murrizketa gehiago ere egin ditu Jaurlaritzak. Ibilgailu astunei debekatuko zaie ibiltzea oporretako irteera operazioetan, asteburuetan edota jai zubietan ibilgailu arinen joan-etorriak ugaritzen diren orduetan eta errepide zehatz batzuetan. Esate baterako, maiatza eta iraila bitartean, kamioiek debekatuta izango dute A-68 eta N-634 errepideetan Basauri (Bizkaia) eta Kantabriako muga (Espainia) artean ibiltzea. Debekua larunbat eta igandetan 9:00etatik 15:00ak arte izango da indarrean Kantabriarako noranzkoan; eta, igande eta jaiegunetan, aldiz, 15:00etatik 22:00etara Bizkaiko noranzkoan.
AURREIKUSPENIK EZ. Arriolaren hitzetan, ez dakite zenbat kamioi ibiliko diren jaiegunetan. Dena dela, ebazpen berriak errepideetan izango duen eragina neurtzeko jarraipen zehatza egingo dutela ziurtatu du.«Ez dakigu zenbat kamioi ibiliko diren, baina ez dugu uste asko izango direnik. Ez du zertan, behintzat. Jaiegunetan gure errepideetan, batez ere, ibili nahi duten ibilgailuak Europara joan nahi dutenak dira. Frantzia itxita dute, ordea. Estatu barruko trafikoa asteburuetan oso gutxi ibiltzen da».
Kamioien joan-etorria kontrolatzeko igande eta jaiegunetan neurri bereziak hartuko direla aurreratu du Arriolak. Ertzaintzak zainduko du zirkulazioa, eta «arreta berezia» jarriko da. Hala, Lapurdirako norabidean doazen kamioiek ezingo dute Etxegaratetik, Galdakaotik edota Gasteiztik pasa. Arriolak argitu duenez, orain arte bezala, kamioiek jaiegunetan zirkulatzeko baimena beharko dute.
ARAUDI ALDAKETA IPAR EUSKAL HERRIAN. 1994an erabaki zuten Ipar Euskal Herrian 7,5 tona baino gehiagoko kamioiei jaiegunetan errepidean ibiltzea debekatzea. 2006ko martxoan aldatu egin dute. Lehen ekaia arriskutsuak garraiatzen zituzten kamioiek neurri bereziak zituzten. Bereizketa hori ezabatu egin dute eta orain gainerako kamioien arauak betetzen dituzte. «7,5 tonatik beherako kamioi batek orain dinamita eraman dezake, eskubidea dauka hondartzara doazen jendeen artean horrekin ibiltzeko», dio ironikoki Xavier Sanz, DDE departamenduko ekipamendu saileko departamenduko arduradunak.
Debekua atxikitzearen aldekoa da Sanz, baina eremu logiko batean. «EAEn ibiltzeko eskubidea badute eta hemen ez, lehen hemen gertatzen zitzaiguna gertatuko zaie, hots, Espainiako kamioiak metatuko zaizkiela». Halako araudiek asmo bikoitza dutela azaldu du: batetik, kamioi gidarien segurtasuna eta atsedena bermatzea, eta bigarrenik autogidariena. «Asteburuetan auto gidari txarrenak daude errepidean, hau da, autoa noizbehinka hartzen dutenak». Kamioiak eta auto gidari txarrak batera jartzea arduragabekeria dela deritzo.
Nafarroaren kasuan, kamioiek jaiegunetan ibiltzeko debekurik ez dute. Dena dela, jai egun batzutan Nafarroa eta Ipar Euskal Herria lotzen duten N-121- B, N-135 eta N-138 errepideetan murrizketak egiten ditu Nafarroako Trafiko Zuzendaritzak, autoen joan-etorria ugaria izango dela aurreikusten badute.
Albiste hau Aitor Renteria eta Edurne Elizondokazetariek osatu dute
Epaitegietako bidea
Jaurlaritzak 7.500 kilotik gorako kamioiei jaiegunetan ibiltzeko hartutako neurriak bide luzea egin du epaitegietan.Jaurlaritzaren araudia. Jaurlaritzak 1997. urtean jarri zuen indarrean debekua. Frantzian ibiltzeko baimenik ez dutenez, ilara luzeak sortzen ziren jaiegunetan Biriatu inguruko bide bazterretan.
Kantabriako Gobernuaren haserrea. Kantabriako Gobernuak debekuaren aurkako auzibidea hasi zuen, EAEko errepideak itxita egonda kamioiek ezin zutela aurrera egin argudiatuta. Jaurlaritzaren debekuak baldintzatu egiten zituen, euren iritziz, euren eskuduntzak.
Epaiak. Espainiako Auzitegi Gorenak 2005eko otsailaren 17an kaleratu zuen epaia, eta Kantabriako Gobernuari arrazoia eman zion. Gorenaren arabera, Jaurlaritzak debekua ezartzean bere eskuduntzetatik haratago jardun zuen. Ezer debekatzekotan, «ibilbide zehatzak» edo «horien zati edo tarte batzuk» besterik ezin direla debekatu argitu zuen.
Gorenak agindua bertan behera utzi eta egun gutxira Jaurlaritzak kamioientzako beste murrizketa batzuk egin zituen: errepide zatiak zehaztu zituen. Kantabriako Gobernuak beste helegite bat jarri zuen. Ondorioz, aurten EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Jaurlaritzaren debekua. Epaiaren arabera, oso errepide gutxitan baimentzen zen kamioien zirkulazioa, eta, praktikan, debekua orokorra zen. Azken epai horren harira, Jaurlaritzak araudi berria egin du.
garraiolarien iritzia
«Denok daukagu atsedenaren beharra»
pascal gimenez
Avril etxeko kamioilaria
«Larunbat gauean eta igandean debekua atxikitzearen aldekoa naiz erabat. Familia daukat, eta iruditzen zait aski lan egiten dudala. Larunbatetan ere lanean nabil, beraz, uste dut denok daukagula atsedenaren beharra. Frantziako gidariek ordutegi zorrotza dute eta debekuaren aldekoak dira oro har, baina Polonia edota Espainiako garraiolariak ez. Beti daude lan egiteko prest, eta hori arrisku bat da guretzako, ez dutelako deus errespetatzen»
«Kamioilariok ere familia dugu»
hugo madeira
Hugo Trans Onuva enpresako garraiolaria
«Guk frutak garraiatzen ditugu, kamioiak hozkailuak dira, eta guk normalean jaiegunetan ere lan egin behar dugu. Errepidean ibiltzeko baimen berezia behar dugu. Beti korrika ibiltzen gara, esandako orduan iritsi ahal izateko. Nik uste dut langile guztiek dutela atsedena hartzeko eskubidea. Kamioilariok ere familia dugu, emaztea, haurrak, eta askotan egunak eta egunak pasatzen ditugu elkar ikusi gabe. Europan neurri bera hartu beharko litzateke».
«Frantziako Gobernuak ez daki zer nahi duen»
eric llede
Jatetxeetako hornitzailea
«Arrazoitutako debekuaren alde nago, ez oraingoaren alde. Ez du zentzurik kamioiak gauez debekatzeak eta egunez ez. Noiz hartzen da autoa? Egunez. Orduan egun bateko debekua behar da, baina egunez, eta gauean libre utzi. Frantziako Gobernuak ere ez daki ongi zer nahi duen. Adibidez, iaz Salbatore egunean lan egin behar izan nuen, baina jendarmeriak kontrolean gelditu eta isuna jarri zidan. Legeak agintzen du lanegun bat emateko eta lan egiteagatik isuna dugu»
«Txekiar Errepublikan debekatuta dago »
vlada
Zaruba enpresako kamioilaria
«Ni Txekiar Errepublikakoa naiz eta han igande eta jaiegunetan kamioiek debekatuta daukate ibiltzea. Bide segurtasuna bermatzeko eta garraiolariek atsedena hartzeko duten eskubidea bermatzeko hartu zen neurria. Europako herrialde batzuetan, ordea, ez dago mugarik. Horregatik, hori arautu egin beharko litzatekeela uste dut. Gure ikuspegitik, noski, erabakia ondo dago, modu onean eragiten digulako. Guk etxera ahalik eta azkarren iritsi nahi dugu».
«Batzuei bakarrik jartzen zaizkie trabak»
philippe marechal
Alloin enpresako arduraduna
«Ongi iruditzen zait Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kamioien zirkulazioa libre uztea. Horrela turistak lasaiago ibiliko dira gure errepideetan. Izan gaitezen argiak. Merkatua dago indarrean eta eskatzen duena behar den epean zerbitzatzea eskatzen digute; beraz, nahi badute hau edo bertzea tenorean egotea saltegietan, ez da logikoa trabak ezartzea garraioari. Araudia ez bada bateratua, batzuei trabak jartzen zaizkie eta bertzeei abantailak ematen».
«Kanpokoak garenoi mesede egiten digu»
josep puentes
Transfradelos enpresako kamioilaria
«Hartu den neurria ondo ikusten dut. Egia esan, agian bertakoek ez dute horrela ikusiko, baina kanpokoak garenoi mesede egiten digu. Izan ere, jaiegunetan egun oso bat eduki behar dugu kamioia geldituta, eta guk egun hori alferrik galtzen dugu. Askotan geratu behar izan dut hemen geldituta. Ni Portugalgoa naiz, eta han egunero ibil daitezke kamioiak. Jaiegunetan ibiltzeko baimen berezirik ez da behar».
«Europa osoan neurri bera jarri behar da»
eugenio lungo
Garraiolaria
«Gu Huelvakoak gara, eta guri mesede egiten digu; izan ere, askotan hemen geratu behar izan dugu errepideak itxita daudelako, aurrera egin ezinik. Gaur [atzo], adibidez, Frantzian jai da, eta Espainiara atzo pasatu nahi nuenez gaur bertan etxera iritsi ahal izateko, gaueko hamaikak arte gidatu behar izan nuen. Nik uste Europako herrialde guztietan neurri bera jarri behar dela indarrean; ezin da bakoitzak nahi duena egin. Era honetara kamioilariari egiten zaio kalte».