FAGOR

Bilbao: "Fagorreko buruek gezurra esan digute"

Bizkaiko ahaldun nagusiak salatu du Fagorrek iritziz aldatu duela, eta ez duela bete Edesa konkurtsotik ateratzeko promesa. 

Iker Aranburu.
2013ko azaroaren 8a
19:03
Entzun

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak azalpenak eman ditu Edesari laguntza emateko saioari buruz. Haserre azaldu da Fagor Etxetresnakeko buruekin. "Gezurra esan digute". Bilbao kexu da Fagorrek ez duelako konkurtsoa gaur eskatu eta agindutakoaren aurka, ez duelako Edesa prozesu horretatik aterako. 

"Duela bi egun esandakoaren aurkakoa esan digute gaur goizeko bileran", esan du Bilbaok. "Ez dugu ulertzen Edesa ez salbatzeko erabakia". Hala ere, ziurtatu du "Bizkaian eta Edesan enpleguari eusteko proposamenak" zutik irauten duela, "baina ez beste gauza batzuetarako". Dirua, Bilbaok zehaztu duenez, enpresak martxan jarraitzeko eta hornitzaileei pagatzeko zen, "baina ez Fagorrek beste leku batzuetan dituen zuloak estaltzeko".

"Aurpegia ematea gustuko dugu, hautsiko badigute ere. Baina zaila da laguntzea laguntzarik nahi ez duenari". 

"Ez dakigu zer gertatu den. Eurek esango dute zergatik eta zelan aldatu duten euren iritzia, eta nondik doazen euren estrategiak. Guk ez dakigu". Bilbaok salatu du Fagorrek ez diela "paperik eman" bere iritzia aldaketa justifikatzeko. "Minduta gaude. Ezin zizkiguten beren benetako asmoak jakinarazi". Langileek orain bizi duten etsipenarekin "pertsonalki bat egiten" duela ere esan du.

Ahaldun nagusiak ukatu egin du presaz jokatu zuela Edesaren salbazioa iragarri zuenean. Hitzezko konpromisoa zuen Sergio Treviño Fagorreko zuzendariarekin.

Bilbaok esan du Edesari berme bat emateko legezko arazorik ez zegoela, Europako Batzordeak onartzen duelako halako laguntzak ematea 250 langiletik beherako enpresei (Edesak 230 langile ditu). 

Ahaldunak ez du azaldu zer nolako zorra duen Edesak Bizkaiko Ogasunarekin, zerga atzeratuengatik batez ere.

Bilbaok eskerrak eman dizkie Bizkaiko Batzar Nagusietan ordezkaritza duten taldeei, guztiek Edesan enplegua mantentzea babesteko prest zeudelako. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.