Jeltzale eta sozialisten arteko akordio fiskalak eragina izan du Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiaren hitzaldian. Zergetan aldaketak egingo dituela esan du, eta horien artean PFEZ aldatuko du, “gehien duenak gastu publikoen mantentzean ekarpen handiagoa egin dezan”. Hala, hiru tarte berri sortu gura ditu: 91.370 eurotik gorako errentek %46 ordainduko dute, 121.820 eurotik gorakoek %47, eta 177.650tik gorakoek %49ko tasa izango dute. Sozietateen gaineko zergan ere aldaketak proposatu ditu Bilbaok. Hala, enpresa txiki eta ertainentzako gutxienez %11 eta %13 artean ordainduko dute, eta kooperatiben kasuan %8-9 artean. Tasa orokorra %28an mantenduko da.
Zerga igoeraren berri ematearekin batera, Bizkaiak “tunelaren amaieran argia” ikusten duela nabarmendu du Bilbaok. Lehen argi printzak, haren esanetan. Horren adierazle jarri du Bizkaiko Ogasunak abuztura arte %5,2 gehiago bildu duela. Eta horrek tentsioak sorraraz ditzake Gipuzkoa eta Arabarekin. Gipuzkoaren diru sarrerek %3,6 egin dute gora, eta Araban berriz, %1,8 egin du behera. Horrek urrian egingo den Finantzen Euskal Kontseiluan giroa ozpindu dezakeela esan du ahaldun nagusiak. “Ez Jaurlaritzarekin, gainerako diputazioekin baizik”. Izan ere, azken boladan egin diren adierazpenen arabera, Bizkaiak jaso beharko lukeen ekarpena jaitsi egingo litzateke, Araba eta Gipuzkoarena igoko den bitartean. Hau da, Finantzen Euskal Kontseiluan adostutakoaren arabera, 6.220 milioi euro eskuratu behar ditu aurten Bizkaiak zerga bidez bere finantzazioa eta ekarpenak asetzeko. Hau da, 2012. urtean baino %3,4 gehiago, bere diru sarrerak gehiago igo direnean. “Egoera hori kontuan hartuta, Bizkaiaren interesak tinko defendatuko ditudala aurreratzen dizuet”, esna du Bilbaok.
Egoera ekonomikoa hobetuko bada, lan merkatuak ere hobera egingo duela espero du, eta horretarako sindikatu eta patronalari dei zuzena egin die: “Elkarrizketak eta elkar ulertzea ezinbestekoa da, denei eragiten digun arazo honi aurre egiteko”. Enpresariei kritika egin die irabaziak izan dituzten enpresetatik askotan langileak bota izan dituztelako, eta sindikatuentzat ere izan ditu hitzak: “Ez du balio askotan egokitzen ez zaien espazio sozial eta sindikala eurentzat hartzea. Are gutxiago kritika politikoak egiteko gainerakoei”. Azken bi urteetan alor hori sustatzeko foru aldundiak 120 milioi euroko funts bat jarri zuen legegintzaldi hasieran. “Horrekin 3.764 enplegu berri sortu ditugu”.
EAJ-PSE-EE akordioari babesa
Bestetik, azken egunotan aho guztietan ibili den EAJ eta PSE-EEren arteko akordio fiskalari ere babesa eman dio Bilbaok. Hitzez, eta ez ekintzen bidez soilik. “Lizarra Garaziko akordioa eta pasa den legealdiko akordioak [PSE-EE eta PPren artekoa] blokeen artekoak izan ziren. Hesi horiek gainditu egin behar dira”. Akordio hori “ospatu eta partekatzen” duela esan du, eta hura betetzeko jarrera erakutsi du. “Objetiboki ona da, eta beharrezkoa”. Akordio horrek eragin politiko eta instituzionala duela nabarmendu du, eta gainerako alderdiak ere bertan egon daitezkeela gogorarazi die. “Nahiz eta batzuei argazkian ateratzea zorabioa eragin”. Edozein modutan, alderdi guztiei zabalik dagoen hitzarmena dela gogorarazi du.