FAGOR

Bilbaoren milioiek dena atzeratu dute

Ez dago argi juridikoki Edesak diru laguntza balia dezakeen, Fagorrena baita gehiengoa; konkurtsoaren aurrekoan dago oraingoz. Fagor ere ez da konkurtsoan sartuko gaur; aurretik Edesaren egoera argitu behar da.

xabier martin
2013ko azaroaren 8a
09:59
Entzun

Jose Luis Bilbaok "bilbotarkeria bat" egin duela gero eta argiago dute Mondragon taldeko kooperatiba hainbateko arduradunek. "Errazena" egin du Bizkaiko ahaldun nagusiak, hiru milioi euro eman "inolako azterketa juridikorik egin aurretik". Edesa "salbatu" dela ezin da esan oraindik, "inondik inora" Fagor Etxetresnen iturriek esan zutenez atzo. Momentuz konkurtso legearen aurreko fasetik ez dute atera, egoera "aztertzen" jarraitzen dutelako. Eta Fagor Etxetresnak ere ez dira konkurtsoan sartuko gaur, aurreko egunetan esan bezala, nahiz eta datorren astean hala izango den. Atzerapena Edesaren egoerarekin loturik dago. Jose Luis Bilbaoren milioiek dena atzeratu dute, beraz.

Ez baita erraza jakitea Edesako plantak erakunde publikoaren diru laguntza baliatu dezakeen ala ez. Edesa eta Fagor "erakunde independenteak" zirela zabaldu zen atzo, baina Edesa Fagorrena da, akzioen gehiengoa, %65,65 hain zuzen berea delako. Gainontzekoa langile bazkideen esku dago. Hiru milioi euro sartuko balira Basauriko lantegiaren likidezian norena litzateke kapital hori? Fagor konkurtsoan balego Edesak bere kontura erabili ahal izango luke besterik gabe? Fagor konkurtsora joan daiteke Edesa konkurtsoaren aurrekotik atera gabe, Bilbaoren proposamena baliatu nahi bada?

Politikarien jarrera

Egoerak "azterketa sakonagoa" behar du, eta hura egiteko beta hartu dute Fagor Etxetresnetan, konkurtsora jo aurretik. Egoera "harridura" eragiten ari da Mondragon taldean. Politikari batzuen jarrera azken orduetan ez dute ulertzen. Aurrena, aurreko eta oraingo Jaurlaritzen arteko liskarra iritsi zen. Laguntza publikoen inguruko egokitasunaren eztabaidaren ondoren, Bilbao iritsi da. Lakuako herenegungo bileran aho bete hortz utzi zituen bilera-kide asko. Oso berri «pozgarria» eragin duela badakite Mondragonen, batik bat Basauri aldean, baina salbazioaren aukera ez da atzo zirudien bezain erraza, nahiz eta herenegun Bilbaok, harro, Edesako langileei esan enpresa «salbatuta» zegoela; "ikusteko dago oraindik", diote Mondragoneko iturriek.

Era berean, Arrasateko taldeko hainbat arduradunek "kezkarekin" ikusi dute Gipuzkoan antzeko bidea jorratzeko aukerak aztertzen ari direla Diputazioa eta zenbait udal. "Zer da hau?", galdetzen du Kooperatiba bateko arduradun batek. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Azpeitiko Grumal enpresa babesteko aukera ez duela baztertzen azaldu zuen atzo, baina "seriotasun irizpideen" barnean betiere.

Bien bitartean, Fagor Etxetresnak "zuhur" jokatzea ezinbestekoa dela ohartu da azken orduetan, eta juridikoki Edesako operazioak izan ditzakeen ondorioak aztertu ondoren abiaraziko ditu berriro konkurtsora jotzeko tramiteak.

"Etorkizuna jokoan"

Fagor Etxetresnen porrotak zabaldu duen agertokian "jokoan" asko dagoela badakite Mondragoneko kooperatibetan, eta horregatik Fagorren itxierak utzi dituen langabeei tokia egiten hasi dira, "taldearen etorkizuna" baita hein batean jokoan dagoen hori. Hala esan zuen atzo Zigor Ezpeleta Mondragoneko Giza Kudeaketarako teknikariak Euskadi Irratian. Arrasateko taldeak 1.000.1.200 langileri lana edo erretiroa eskainiko diela iragarri zuen herenegun Lakuako bileraren ostean, eta atzo berriz, birkokatzeak bi edo hiru hilabetean bukatuko direla zehaztu. Birkokatzeak "behin-behinekoak edo behin betikoak" izan daitezkeela ohartarazi zuen taldeak, eta Enplegu Bulego Korporatiboa jo eta su ari dela erantsi, prozesua "ahalik eta lasterren" burutzeko.

Enpresa konkurtsora eramango du aurki Fagor Etxetresnen zuzendaritzak, baina Mondragonek egoera hori orain aste batzuk aurreikusi zuenez, jarduera bizia dago jadanik taldeko enplegu bulegoan. 1.860 bazkide langile dauzka Fagorrek. Basauriko Edesakoek (230) epe batez behintzat aurrera egin dezakete, azkenean enpresak hiru milioi euroko laguntza jaso badezake. 1.630 lirateke kasu horretan lanik gabe geratu liratekeenak. Gehiengoari erantzun bat emango die Arrasateko taldeak, lanpostu bat edo erretiro eskaintza, 1.200 ingururi, baina 500 inguru langabezian geratuko dira. Soluzioren bat izango dutenen artean, erretiroak «asko» izango dira, lanpostu eskaintzak baino gehiago, hala Fagor Etxetresnetan nola beste kooperatibetan. Beste enpresetako balizko erretiroek birkokatzeak erraztuko dituela ere aurreikusi du Mondragonek.

Enplegua sortu Debagoienan

Edonola ere, jakina da behin-behineko langileen artean "kezka natural" bat sortu dela egunotan, eta Zigor Ezpeleta Enplegu Bulego Korporatiboko teknikariak onartu zuen "batzuk" lanik gabe geratuko direla, baina birkokatzeak ez direla «bete-betean behin-behinekoen bizkarretik egingo" erantsita. Izan ere, Mondragonek daukan erronka historikoa izango da «neurriarengatik"; ez ordea "izaerarengatik", birkokatze politika beti egin izan baitu. Oraingoan, baina, bulegoaren lana ez da berehala bukatuko, lan eskaintzak egon baitaitezke soilik bi-hiru hilabeterako; "epe horretan bazkideek ez dute jasoko Lagun Aroko aseguruaren saria".

Behin-behineko eskaintzak behin betikoak bihurtzeko lanak luze joko du akaso, eta enplegu berria sortzeko, Mondragonek historikoki izan duen estrategia aldatuko du, Debagoineko bailarara "balio erantsi gutxiko jarduerak" ekarrita. Gerta daiteke jarduera horiek ez izatea oso errentagarriak (balio erantsiaren gabeziarengatik), baina enplegua sortzeko balio baldin badute, taldeak abiaraziko ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.