“Pentsiodunak aurrera, pentsiodunak kalera!”. Gaur goizean Bilboko erdiguneko kaleetan entzun diren hamaika aldarrikapen mezuetako bat besterik ez da hori, baina erakuts dezake bertan egon den giroa. Pentsiodunek zortzi hilabete daramatzate pentsio duinak eskatzeko borrokan buru-belarri mobilizatzen, eta Aste Nagusiko astelehena izaki deialdi berezia egin zuten. Eta erantzuna ere halakoa izan da. Milaka pertsonak kaleak bete dituzte, eta Plaza Eliptikotik udaletxerainoko bidea poliki egin behar izan da horregatik.
Ez zaizkio Bilboko eta Bizkaiko pentsiodunak bakarrik lotu manifestazioari, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako pentsiodunekin batera Espainiako hainbat erkidegotako pertsonak ere batu baitira: Errioxa, Kantabria, Asturias edo Burgos. Galiziatik ere iritsi dira hainbat manifestari Bilboko deialdiarekin bat egiteko. “Ez dago atzera bueltarik, gaurko pentsioen alde eta biharkoen alde borrokan jarraituko dugu”.
Jendetsua izan da mobilizazioa, eta manifestazio burua udaletxera iritsi denean, jendea oraindik plaza Biribilera iristen ari zen. “Ez dakigu zenbat garen, baina ezin da ukatu arrakastatsua izan dela”, hitz egin dute pentsiodunen plataformako bozeramaileek komunikatua irakurtzen hasi baino lehen. Adierazi dutenez, zortzi hilabetez astelehenero mobilizatzeagatik, hainbat lorpen izan dituzte, baina horiek “adabaki bat” besterik ez direla ere garbi utzi nahi izan dute. Horregatik, argi utzi dute borrokan jarraituko dutela plataformak behin eta berriro aldarrikatzen dituen puntuak lortu arte.
Puntu horien artean, 1.080 euroko gutxieneko pentsioak edukitzea da nagusia, “eta eskubide bat da, bizi osoko kotizazioa”. Horrekin batera, egungo pentsioen erreformak bertan behera uzteko eskatu dute, eta jasangarritasun faktorea indarrik gabe uztea. Pentsioak BGAE osagarrien ordezkatzeko asmoa gaitzetsi dute, eta horiek dauzkaten zerga onurak salatu. Mobilizazioekin aurrera jarraituko dutela adierazi dute, eta hurrengo deialdia datorren astelehenean izango da. Hala ere, urriaren 1a nagusien eguna dela aprobetxatuz, deialdi bereziren bat egitea pentsatzen ari dira.