Patxi Lopez lehendakariak gogor kritikatu du gaur Bilboko Metroko langileek San Tomas egunerako deitu duten lan uztea, eta esan du Lan Sailari agindu diola, greba hori mantentzen bada, bidaiari guztiak segurtasunez eramateko behar diren neurriak hartzeko.
Lopezek esan du neurriz kanpokoa iruditzen zaiola Bilboko Metroko langileen deialdia, eta euren lan baldintzak "ezinhobeak" direla gaineratu du. Herritarrak gobernuaren aurka erabili nahi dituztela salatu du, eta sindikatuei "zentzuz jokatu" eta deialdia bertan behera uzteko eskatu die.
Lopezek ez du argitu zeintzuk izango diren egun horretarako Bilboko Metroaren gutxieneko zerbitzuak, baina beste batzuetan egun berezietan %95ekoak ere onartu dituztela azpimarratu du.
LABek lehendakariari egotzi dio "langileen interesen aurka" jarri dela eta gatazka konpontzeko laguntzarik ez duela eman.