Iazko lehen seihilekoan baino %11 handiagoa izan da trafikoa aurtengoan Bilboko portuan: 17,6 milioi tonakoa hain zuzen ere, iazko aldi berean baino 1,7 milioi tona gehiago. Bilboko portuak ez du horrelako hazkunde handirik izan 2006. urtetik.
Pozik agertu da Asier Atutxa gaur goizean, Bilboko Portuko Agintaritzako presidente bezala egingo duen azkenengo agerraldian. Bost urtez karguan egon eta gero, PwC (PricewaterhouseCoopers) aholkularitza agentzian hasiko da laster lanean. Helburuak beteta doala azaldu du, Bilboko portua Iberiar penintsularen iparraldeko "portu erreferentea" dela jakinda, eta "lurraldearen zerbitzura" dagoela ziurtatuta. Era berean, esan du portuak lehiakortasuna irabazi duela, eta "gero eta malguagoa" dela.
Lehen seihilekoan trafikoa %11 igo bada ere, Atutxak kalkulatu du urtea ixterako igoera %5 ingurura jaitsiko dela. Hala gertatuko balitz, iazko trafikoaren hazkundea baino bi hamarren txikiagoa litzateke.
Igoeraren arrazoiak
Trafikoaren igoeraren erdia solteko karga likidoen %10eko igoerak bultzatu dute: nagusiki, petrolioaren eta gasolina merkataritzak. Solteko karga solidoak, halaber, %18 handitu dira, batez ere, sulfatoen, hondarraren eta legarraren, eta petrolio kokearen merkantziak ohi gehiago mugitu direlako.
Merkantziei dagokienean, inportazio gehienak Erresuma Batutik, Txinatik eta Herbehereetatik etorri dira; esportazio gehienak, aldiz, Erresuma Batura, Irlandara eta Ameriketako Estatu Batuetara joan dira.
Urtarriletik ekainera, guztira, 1.472 itsasontzi lehorreratu dira Bilboko portuan, iazko aldi berean baino 86 gehiago. Linea erregularreko itsasontziek 50.503 bidaiari ekarri eta eraman dituzte, iazko lehen seihilekoan baino %17 gehiago; gurutzaontzietan, ostera, 42.500 bidaiari ibili dira, %13 gehiago.