Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aurrezki kutxen lege proiektuari baiezkoa eman dio Eusko Jaurlaritzak. Gobernu organoetan erakunde publikoek duten ordezkaritza %40ra mugatzeko eta organo horiek profesionalizatzeko neurriak jasotzen ditu Carlos Agirre Ekonomia sailburuak eta haren taldeak landutako proiektuak. Legea indarrean sartzean, kutxek oso-osorik berritu beharko dituzte batzar orokorrak eta administrazio kontseiluak, bietan proportzio berak mantenduta. Ondoren, gauza bera egin beharko dute Kutxa Bankeko administrazio kontseiluarekin ere. Praktikan, EAJk indarra galduko du hiru euskal kutxetan eta banku berrian; Bilduk, aldiz, guztietan sartzea lortuko du.
Behin lege proiektua onartuta, gainontzeko alderdiekin negoziatzen hasi beharko du PSE-EEk, eta batez ere EAJrekin, ez baitirudi atzo aurkeztutako proposamena bere horretan onartzeko prest dagoenik. Urtarrilaren 1erako, BBK-k, Kutxak eta Vitalek beren aktiboak banku berrira pasatzen dituztenerako, desadostasun guztiak gainditu eta lege berria indarrean sartzeko prest izango dela uste du Agirrek.
Eztabaidarik handiena, ziurrenik, kutxetako gobernu organoak osatzeko irizpide berriek sortuko dute. Batetik, organo horietan ordezkaritza duten talde eta erakundeen kopurua handitzea proposatzen du lege proiektuak; bestetik, egungo proportzioak aldatzea. Hala, erakunde fundatzaileek —foru aldundiak eta hiriburuetako udalak— eta tokian tokiko korporazioek orain arte baino leku txikiagoa izango dute, ezarleek handiagoa eta Eusko Jaurlaritzak, batzar nagusiek eta interes kolektiboak ordezkatzen dituzten erakundeek ordezkaritza izango dute aurreneko aldiz.
Lege proiektuak jasotzen duenez, batzar orokorra osatzen duten kideen%47 ezarleen ordezkariak izango dira; %17 tokian tokiko korporazioetakoak; %12 erakunde fundatzaileetakoak; %7 langileen ordezkariak; %6 interes kolektiboak ordezkatzen dituzten erakundeetakoak; %6 batzar nagusietakoak; eta %5 Eusko Jaurlaritzakoak. «Erakunde publikoen ordezkaritza %40ra mugatzeak EAJren gehiegizko ordezkaritza ere mugatu egin du», Agirreren hitzetan. «Horrek kutxetako gobernu organoak pluralagoak izatea ahalbidetuko du, eta hobeto islatuko dute euskal mapa politikoa».
Kontseilua, zabalagoa
Batzar orokorreko kideak lau urterako izendatuko dira, eta ezingo dute kargu berean hamabi urtez baino gehiagoz egon. Lege berria indarrean sartzean batzar orokorrak oso-osorik berritu beharko dituzte; handik aurrera, berriz, bi urtean behin erdia berritu beharko dute. Horrenbestez, salbuespen gisara, batzar berriko kontseilarien erdiek soilik bi urterako hartuko dute kargua.
Berrikuntza moduan, kutxetako administrazio kontseiluak osatzeko orduan, batzar orokorretako proportzio bera mantendu beharko dela dio lege proiektuak, eta batzarrean dauden talde guztiek izan beharko dutela ordezkaritza.
Administrazio kontseiluko kide gehienek karguaren erantzukizunak betetzeko adinako prestakuntza eta esperientzia izan beharko dute. Eginkizun betearazleak dituzten kideei, berriz, kutxetako zuzendaritza nagusian daudenei adinako prestakuntza teknikoa eta esperientzia eskatuko zaie: gutxienez bost urteko esperientzia finantza erakundeetako goi administrazioko, zuzendaritzako, kontroleko edo aholkularitzako lanetan, edo pareko garrantzia eta tamaina duten erakunde publiko edo pribaturen batean antzeko ardura duten lanetan.
Batzar nagusiko kideak bezala, administrazio kontseilukoak ere lau urterako izendatuko dira, eta karguan ezingo dute hamabi urtez baino gehiagoz egon. Legea indarrean sartu, eta batzar orokorrak osorik berritzen dituztenean, gauza bera egin beharko dute administrazio kontseiluekin ere. Handik aurrera, bi urtean behin berrituko dute, baina soilik organoaren erdia.
Gobernu organoetako kideak ezingo dira hautetsi politikoak izan, ez eta sektore publikoko mendeko erakunde edo administrazioren bateko goi kargudunak ere.
Lege proiektuaren arabera, kutxetako batzar orokorrak berritzean, haietan izan diren aldaketek isla izan beharko duteBabes Sistema Instituzionalaren bidez sortutako erakundearen gobernu organoetan. Hain justu,bide hori da BBK-k, Kutxak eta Vitalek beren negozioak bat egiteko aukeratu dutena. Beraz, lege berria indarrean sartu eta kutxek batzar orokorrak berritzen dituztenean, gauza bera egin beharko dute fusiotik jaioko den erakundean ere. Eusko Legebiltzarrak lege proiektua bere horretan onartuko balu, hiru kutxetako organoetan dauden proportzio berak mantendu beharko lituzkete erakunde berriko gobernu organoetan. Beraz, maiatzaren 22ko hauteskundeetako emaitzen ondoren, Bilduk ordezkaritza izango luke Kutxa Bankeko organoetan, lege proiektuak ez baitu organo horiek blindatzerik onartzen.
Dena dela, ikusteko dago zer dioten erakunde berriaren estatutuek gobernu organoen osaketari dagokionez, litekeena delako batzar orokorreko kideen egonaldia blindatzeko aukera baliatzea. Hala izatera, Agirrek berak onartu du kontuak polemika handia sortuko duela. Dena dela, garbi utzi du Eusko Jaurlaritzari dagokiola hiru kutxen arteko bat-egitea eta erakunde berriaren gobernu korporatiboaren filosofia onartzea, eta adierazi du «aurrezki kutxen interesak bankuaren estatutuen gainetik» daudela.
Legea indarrean sartzen denetik aurrera, aurrezki kutxek bi hilabeteko epea izango dute estatutuak eta erregelamenduak lege berriak dioenera egokitzeko. Gero, Eusko Jaurlaritzara eman beharko diote aldaketen berri, eta hark hilabeteko epean esan beharko die onartzen dituen ala ez. Behin oniritzia jasota, erakundeek bi hilabete izango dituzte batzar orokorra eta gainontzeko gobernu organoak osatzeko.
Jeltzaleak, haserre
Lege proiektu berriaren harira, PSE-EEren kontra adierazpen gogorrak egin ditu Andoni Ortuzar EAJren Bizkai Buru Batzarreko buruak. Horrelako ordezkaritza eskema bat duen proiektua onartzea «iruzur» egitea dela esan du, «ezarleen eta erakundeetako ordezkarien bidez lortu ezin dutena Eusko Legebiltzarraren bidez lortu nahi dutelako». Gainera, uste du egungo mapa soziopolitikoari ez diola egoki erantzuten.
Hala ere, esan du negoziatzeko marjina badagoela, betiere lehentasun gisa aurrezki kutxen egoera eta haien ona jarrita, «eta ez aurrezki kutxetako eta banku berriko administrazio kontseiluetan PSE-EEko zein sar daitekeen pentsatuz».
Aurrezki kutxak despolitizatzeko beharra nabarmendu du Ortuzarrek, eta sozialistek egin nahi dutena «astakeria» bat dela esan. «Hiru kutxek bat egitearen aurreko akordioa sinatu ostean, ez dauka zentzurik horrelako astakeria bat egiteak. Edozein modutan, horrenbeste aldatuko da finantzen mundua, gaur lehen mailako bataila politiko bat iruditzen zaiguna, berehala zokoratuko du errealitateak».
Agirrek erantzun dio Eusko Legebiltzarrak hartzen duen erabaki bati iruzur deitzea «sekulako zentzugabekeria» dela. Hala ere, jeltzaleekin negoziatzeko prest azaldu da Ekonomia sailburua, lege proiektuaren inguruan dituzten desadostasunak konpondu nahi dituelako, haien babesa lortzeko. Oraingoan, baina, EAJren babesa lortzea ez zaio ezinbestekoa; PSE-EEk eta PPk Eusko Legebiltzarreko gehiengo sinplea dute, eta hori nahikoa litzateke aurrezki kutxen legea aurrera ateratzeko. Itxura guztien arabera, popularrek babestu egingo dute legea, baina Bilduren sarrera eragozten saiatuko dira negoziazioetan.
Finantza sistemaren berregituraketa
Bildu Kutxa Banketik at uzterik ez du onartzen kutxen lege proiektuak
Gobernu organoetan erakunde publikoek duten ordezkaritza %40ra mugatzen du Jaurlaritzak onartutako proposamenakLegea indarrean sartzean, osorik berritu beharko dituzte gobernu organo guztiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu