El Diario Vasco egunkariak gaur argitaratu du Bilduk Kutxabank EAEko bankuaren administrazio kontseiluan bi ordezkari izango dituela, Kutxako zuzendaritzak hala erabakita, baina EH Bilduko iturriek Efe berri agentziari adierazi diote koalizioak ez duela nahi lurralde bateko akordioa bakarrik, baizik eta "akordio globala". Goizean Joseba Permach ezker abertzaleko eta Bilduko kideak Twitterren idatzi du "inolako akordiorik" ez dagoela.
Gainera, Bilduk uste du Kutxabankeko kontseiluan bi ordezkari baino gehiago izan behar dituela. Dioenez, koalizioa BBK, Kutxa eta Vitalen bigarren indarra da eta, ondorioz, bi ordezkarirena baino presentzia handiagoa beharko luke Kutxabanken. "Ematen du hau dena EAJren estrategia dela, Bildu berriro paretik kentzeko".
El Diario Vasco-ren arabera, Kutxabankeko zuzendaritzan Kutxaren partetik beste bi kontseilariak EAJkoa eta PSE-EEkoa izango dira.
Hamabost lagunek osatzen dute EAEko bankuko administrazio kontseilua.