Gipuzkoako EAJk baldintza bat jarri dio Bilduri diputazioaren 2012ko aurrekontuetan EAJren babesa lortu ahal izateko: enpresei krisiaren ondorioak samurtzeko laguntzak onartzea. «Bestela, gurekin jai dute», esan zien Markel Olanok, EAJren Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak.
Jon Uriguen Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo diputatuak herenegun aurkeztu zituen datozen lau urteetarako lan ildoak Batzar Nagusietan. EAJren esanetan, lan ildo horietan ez dago enpresei laguntzeko proposamenik. Herenegun Uriguenen azalpenak entzun eta gero, Olanok eta Arantza Tapia batzarkideak agerraldia antolatu zuten atzo, Donostian.
EAJri min egin dio diputazioak krisiaren kontrako planak bertan behera utzi izanak. EAJren eta EAren gobernuak krisiaren kontrako planak onartu zituen 2010. eta 2011. urteetarako. Planek lau ardatz zituzten, tartean bat enpresei laguntzeko.
EAJk uste du lan hori guztia «zapaldu» duela Bilduren gobernuak. EAJk 2012ko aurrekontuen zirriborroan enpresei laguntzeko dekretuak berreskuratzeko «exijitu» dio. «Bestela, ez gara aurrekontuak negoziatzen hasiko, kontu hau giltzarria eta ezinbestekoa baita guretzat», nabarmendu zuen Olanok.
Gipuzkoako diputatu nagusi ohiak goraipatu egin zuen bere agintepean Berrikuntzarako Departamentuak egindako lana. Orain, ordea, Uriguenen lan ildoak ikusita «lau edo bost urte atzera» egingo dela salatu zuen. Tapiak gehitu zuen Gipuzkoak lau urterako plan ekonomiko bat behar duela.
Bilduk enpresei lagundu beharko die, EAJren babesa nahi badu
Krisiaren kontrako planeko laguntzak berreskuratzeko exijitu dio Gipuzkoako Diputazioari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu