Hamabi urte daramatzate Biocompost de Alavako langileek Hiri Hondakin Solidoen planta kudeatzen. Aurten, langile batzordeak jakin du, urte horietako zerbitzuaren ondoren, lizitazioa irabazi duen enpresak ez dituela betetzen planta ustiatzeko lehiaketan eskainitako lan baldintzak. Baina esleipen kontratuan zehaztutako kanon ekonomikoa jasotzen du Gasteizko Udaletik.
Biocompst de Alava aldi baterako enpresa elkarteko batzordea enpresak eta Gasteizko Udalak sinatutako kontratuaren araberako lan baldintzen hitzarmena eskatzen hasi da. "2006an, bere jarduera hasi zuenetik, enpresak aldebakarrez ezartzen die bere langileei Hondakinak Leheneratzeko Estatu Hitzarmena, Gardelegiko Zabortegiko Hitzarmeneko baldintzak ezarri beharrean", salatu du LAB sindikatuak ohar batean.
Aldi baterako enpresa elkarte hori erdi bana osatzen duten Ferrovialek eta FCCk, eta urtero 8 milioi euro jasotzen dute Gasteizko Udaletik "Arabako Lurralde Historikoko Hondakin Solidoen kudeaketagatik, eta horien %22,5 langileen gastuetara bideratu beharko litzateke". Kontratuak iraun duen hamabi urteetan egindako konparaketek 2,5 milioi eurotik gorako aldea erakusten dute, LABek dioenez. "Horren aurrean, are nabarmenagoa da langileen erdiek jasotzen duten 900 euroko soldata oso pobrea dela, zaborrekin harreman zuzena duen lan neketsu batengatik".
Bete gabeko beste hainbat baldintzaren artean lanaldia dagoela dio sindikatu abertzaleak. "Urteko 1.780 euro jasotzen ditu estatuko hitzarmenak, eta 1.592 sinatutako hitzarmenak; hau da, urteko 188 ordu gehiago lan egin du langile bakoitzak, %12 gehiago". Aniztasun funtzionala duten langileen enplegagarritasun ratioak, familia baimenak, norbere kontuetarako egunak, eszendentziak, erretiro primak eta abar dira eskaintzan baloratutako beste faktore batzuk, "egungo hitzarmenarekin betetzen ez direnak".
Langileak "kokoteraino" daudela dio LABek, eta grebarako eskubidea baliatuko dutela abenduaren 26tik aurrera, greba mugagabea abiarazita.