Komunetik behera botatzen da, eta mediku froga sofistikatuenetarako ere erabiltzen dute. Gosaritarako galletak biltzen ditu, eta etxeetako paretak estaltzen. Milioiak tokatu izanaren berri eman dezake loterian ageri denean, baina isun eta fakturak ere harekin egiten dira. Dekoratzaile eta publizisten eguneroko lanabesa ere bada. Sinplekeria baita esatea euskarri elektronikoen garapenak eragin duela paper sektorearen krisia, ez daude alferrik bostehun mota baino gehiago merkatuan. Egia da, ordea, papergintza krisian dagoela; bai, behintzat, Euskal Herrian.
Paperari buruz hitz egitean, ezinbestean aipatu beharrekoak dira Tolosa eta inguruko herriak. Juan Garmendia historialariak kontatu du, besteak beste, zein faktorek eragin zuen eskualdean sektorea hainbeste garatu izana: "XIX. mende hasieran, burdinolak hilzorian zeuden, eta jarduera industriala berritu beharra zegoen. Garai berean, udalak irin errotak jarri zituen salgai, gerren eraginez egindako zorrak ordaintzeko. Segituan ikusi zuten errota haiek papergintzarako errota moduan erabiltzeko aukera".
Hemeretzitik hirura
Mugarri izan zen La Esperanza ere, paper jarraituaren lehen lantegia. 1842an ireki zuten, artean Iberiar penintsula osoan halakorik ez zegoenean. Aurretik ere bazeuden fabrika batzuk eskualdean, baina hura jotzen da paper industria modernoaren aitzindaritzat. Haren ondoren etengabe garatu zen sektorea, eskualdeko industria nagusi izatera iristeraino; inoiz, Tolosa barruan zortzi paper lantegi ere egon ziren, eta beste 11 oso distantzia txikian, hamabi kilometroren bueltan.
Jada, bakar bat ere ez da geratzen Tolosan, eta eskualdean lau: Amezketako Papel Aralar, Berastegiko Munksjo Paper, Zizurkilgo Papelera del Oria eta Berrobiko Uranga. Azken hori, 1868tik lanean aritu ostean, datorren ostiralean itxiko dute. Hala, eskualdean laurehun pertsona baino gutxiago arituko dira aurrerantzean papergintzan. Torraspapel taldearena da Uranga, eta taldeak berak Leitzan duen lantegira lekualdatuko ditu 65 langileak. "Saldu dute itxiera izan beharrean lekualdatze bat dela, baina finean beste paper fabrika bat itxiko dute eskualdean. Guretzat erabaki horren balorazioa negatiboa da", adierazi du Laida Zubillagak, LABek Eraiki deitzen dion sektoreko Tolosaldeko arduradunak.
Paper mota jakin bat egiten zuten Berrobiko lantegian, eta enpresak paper hori egiteko makina berriak jarriko ditu Zaragozan duen lantegian. Ondorioz, hara eramango du ekoizpena. Leitzako lantegian ere inbertsio batzuk egin ditu, eta jende gehiago behar duelako erabaki du Torraspapelek Uranga itxi eta langileak hara eramatea.
Euskadiko Paper Klusterrak emandako datuen arabera, 2000. urtetik hamahiru paper fabrika itxi dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta, ondorioz, bederatziehun lanpostu galdu dira. Geratzen diren lantegiek 1.600 laguni ematen diete lana. Datuak erakusten du, beraz, sektore guztietara zabaldu den egoera kaskarraren aurretik datorrela papergintzaren krisia. 2008a baino lehen itxi zituzten, adibidez, Villabonako Paperalia eta Andoaingo Galgo Papel eta Celulosas de Andoain. Bada gakoa izan daitekeen datu bat ere: enpresa eta langile kopurua nabarmen jaitsi arren, Euskadiko Paper Klusterreko kide diren enpresen ekoizpena 232.000 tona handitu da 2000. urtetik.
«Badakigu teknologia berriek ikaragarri murriztu dutela paperaren erabilpena, baina papera erabiltzen beti jarraituko dugu», dio Zubillagak. Haren esanetan, krisiak eragin du, "noski", baina sindikatuek aurrez ere ohartarazten zituzten enpresak gerta zitekeenaz. "Neurriak hartu behar zirela esaten genuen, eta, benetako neurririk hartu ez denez, ia desagertu egin da sektorea".
Hartu behar ziren neurri horien artean, inbertsioak aipatu ditu LABeko ordezkariak. Ez dator bat Nicolas Sagarzazu Tolosako Paper Eskolako zuzendaria. "Ez nuke esango enpresek ez dutelako ikertu edo ez dutelako inbertitu gertatu direnik hainbeste itxiera. Merkatuak iragazkiarena egiten du, eta papergintzan ere hala izan da", azaldu du.
Galderetako bat da geratzen diren horiek gai izango ote diren aurrera egiteko, ez baitaude egoera samurrean. Munksjok eta Papelera del Oriak, esaterako, aldi baterako erregulazio espedienteak aplikatu dituzte azken urteetan.
Itxaropentsu mintzatu da Paper Eskolako Sagartzazu; geratzen diren horiek "zeresana" izango dutela dio, baina argi du gauza bat: "Hau da momentua papergintza mantendu nahi badugu zer egin behar dugun pentsatzekoa".
Ixtekotan egon zen eskola bera ere, enpresen egoera ikusita ikasleek ez zutelako izena ematen. Iaztik Errenteriako Don Bosco ikastetxeak kudeatzen du, eta berriro ere hasi da formazio arautua eta papergintzari lotutako ikastaroak ematen.
"Enpresek ikusten dute badagoela prestakuntza eskainiko duen zentro baten beharra. Berrikuntza aldetik zerbait berezia egiteko premia nabari dugu guk ere, eta hori ari gara lantzen klusterrekoekin. Nazioarteko esperientziei ere begiratzen diegu, Finlandia, Alemania eta Portugali bereziki, papera asko lantzen dutelako". Nanoteknologiak, bioteknologiak, mikroteknologiak eta halako jakintzek sektoreari nola lagundu diezaioketen ere aztergai dute. "Hemen jakintza asko dago, baina uztartu egin behar dugu denon lan hori", gaineratu du Sagarzazuk.
Antalis eta Unipapel
Papergintzari ez ezik, haren bueltan sortutako industria oparoari eustea da Tolosaldearen beste erronka, hura ere txikitzen ari baita. Aste honetan bertan ikusi ahal izan dira bi adibide. Albizturko Antalisekoak Madrilen, enpresak Espainian duen egoitza nagusiaren aurrean, elkarretaratzea egiten. Baliteke kaleratze gutunak egunotan jasotzea 39 langileek. Itxiera ere bat-batean etorri zen, "erabateko normaltasuna" baitzuten itxi aurretik.
Abenduan jaso zuten muturrekoa. Antalis Envelopes Manufacturing talde frantziar-britainiarrak gutunazalak eta bestelako estalkiak egiten ditu. Albizturkoaren pareko planta dauka Belgikan. "Esan digu bi planta erdipurdi aritu beharrean nahiago dutela baten aldeko apustua egitea, eta, hemen kaleratzea merkeagoa denez, ba guri tokatu zaigu", esan zuten langileek. Joan den apirilean, Espainiako Lehia Batzordeak bost milioi euroko isuna ordainarazi zion enpresari, eta horrek ere ez dio askorik lagundu Albizturko plantari.
Antalisek bezala, besteak beste, gutunazalak egiten ditu Adunako Unipapel-Adveok ere. Nahasiak ari dira izaten azken hilabeteak. Urtea hastearekin batera, negozioa enpresa suitzar bati saldu ziola jakinarazi zien zuzendaritzak langileei, Suitzako Springwaterri hain zuzen. Dena den, ez du Adunako lantegia oso-osorik erosi; ekoizpena erosi du, eta lantegia Unipapel-Adveoren esku dago oraindik.
Urtarrilaren 10ean bilera egin zuten Unipapelek eta Springwaterrek. Batzar haren ostean izan zuten langileek ekoizpena Logroñora lekualdatzeko dagoen asmoaren berri, modu ez-ofizialean. Jakin dutenez, zuzendaritzak soilik ekoizpenaren %20 mantendu nahi du Adunan, eta horrek etorkizunean lantegiaren desagerpena ekarriko lukeela diote langileek. Astelehenaz geroztik, mugagabeko greban dira, eta asteazkenean dira biltzekoak enpresarekin.
Gehienek, zerikusia
Uranga itxita, Antalisekoak kaleratze agiriak jasotzen eta Unipapelekoak mugagabeko greban, datorrena aste garrantzitsua izango da papergintzarena. Ez da kasualitatea, ordea, azken urteotan Tolosaldean izan diren itxiera aipagarrienek ere, zeharka bada ere, sektorearekin zerikusia izatea. 2010eko martxoan jo zuen hartzekodunen konkurtsora Gorostidik, eta likidazio prozesuan sartu zen gero. Papergintzarako makinaria egiten zuen, eta haren itxierak zuzeneko 157 kaleratze ekarri zituen. Sindikatuen arabera, zeharka beste seiehun lanpostu inguru desagertu ziren.
Emua-Emusi 2012an itxi zuten, nahiz eta langileak 2009. urtetik egon erregulazioan. Industria makinaria diseinatu eta ekoizten zuen, besteak beste, papergintzarako. Itxi zenean, 65 langile zituen. Kasu berriagoa da Zizurkilgo Huyck Wagnerrena (Perot izandakoa). Paper industriarako ehun metalikoak egiten zituen, eta joan den urtean itxi zuten. Laurogei langile zituen, eta 75 kaleratu zituen.