Bizkai eta Gipuzkoako arrantzaleek hegalaburren kuota osoa saldu dute, eta ondorioz, aurten baxurako ontzidia ez da itsasora aterako atungorria harrapatzera. Iaz, kuotaren %70 saldu zioten Murtziako enpresa bati; aurten berriz, kuota osoaren truke egin dute tratua.
Atungorriaren kuotari «txikiegia» iritzi diote arrantzaleek errentagarria izateko. «Gure arrantzatzeko modua dela eta, ezin diogu errentagarritasunik atera», esan du Miren Garmendia Gipuzkoako kofradiako idazkariak. Eta egoera horren aurrean Barbateko almadrabari saldu diote (Cadiz, Espainia) 450.000 kilo atungorri harrapatzeko baimena.
"Hauxe egitera behartu gaituzte", esan du Miren Garmendiak. Espaniako estatuan banaketa egiteko modua gogor salatu du, euskal arrantzaleek hegalaburra harrapatzeko duten eskuzko modua ez dutelako kontuan hartu. "Kafea guztientzat" erabaki dute, Garmendiaren hitzetan; "eta denak sartu gaituzte zaku berean". Euskal arrantzaleak espeziearen egoera "txarraren" erantzule ez direla dio. Hala, arrantzaleek euren kuota saltzeko hartutako erabakia, "garai batean gaizki egindako zerbaiten ondorioa da".
Hegalaburretara joateari uko egitea ez da ulergarria askorentzat, eta erabaki horrek eragin ditu kritika batzuk, baina Gipuzkoako kofradiako idazkariaren ustez, "kritikatzen dutenek arrantzaleak babestu behar zituzten lehen". Horrela saihestuko zen arrantzaleentzat "errentagarriagoa" izatea kaian geratzea itsasora ateratzea baino.
Bost milioi euroko irabaziak ekarriko dizkie kuotaren salmentak arrantzaleei. Barbateko almadrabak izango ditu eskubideak, Murtziako (Espania) multinazional baten bidez. Haien arrantzatzeko moduan, atunak bizirik izaten dira leku jakin batean, behar bezala gizentzeko, eta eskaeraren arabera harrapatzeko. Batik bat Japoniako merkatuan saltzen dute hegalaburra.
Iaz, kuotaren %30ari erantzun zioten Bizkai eta Gipuzkoako arrantzotziek. "Ahalegina egin zen, baina lortutako emaitzak ez ziren espero zirenak izan". Aurtengo hegalaburraren kuotaren salmentak "dirua" ekarriko die "beste kanpainetan aritu ahal izateko". Hegaluzearen kanpaina maitzaren hondarrean eta ekainaren hasieran hasiko da, baina aurten ez da Eusko Labeleko hegalaburrik izango arrandegietan.