Ogasun eta Finantzen foru diputatu Jose María Iruarrizagak eta Ogasuneko zuzendari Aitor Soloetak eman dute Foru Ogasunak bukatutako eta martxan dituzten ikerketen berri. Lan ildo horietan sakontzearen garrantzi azpimarratu dute, bereziki, “geroz eta globalizatuagoa den enpresa mundua”. Nabarmendu dute beste erakundeekin eta epaitegiekin izandako elkarlana.
Soloetak jakinarazi du, alde batetik, talde multinazionalak ikertzen dituen Nazioarteko Fiskalitate Unitateak (NFU) dagoeneko Bizkaiko zortzi sozietate ikertu dituela eta horietatik 125,9 miloi berreskuratu dituztela, eta une honetan, beste hiru talde multinazional ikertzen ari direla. Halaber, lau talde multinazionaletako bost enpresa ere ikertzen ari dira erabiltzen dituzten transferentzia prezioak araudiarekin bat datozen egiaztatzeko.
Bestetik, zerga iruzurrarengatik epaitutako eta beraien burua kaudimengabe deklaratutako pertsonen ondarea ikertzen duen Konkurtso-Ikerketako Talde Operatiboak orain arte hiru espediente bukatu ditu, eta 3,7 milioi berreskuratu ditu. Ikerketa horien iraupena eta zailtasuna azpimarratu ditu Ogasuneko zuzendariak.
Bizkaiko Foru Ogasuneko ikerketa taldeek lortutako emaitzak ikusirik, Aldundiak iruzurra ikertzen duen lan-taldeak indartzea erabaki du. NFUk ikuskatzaile bat gehiago izango du 2018an eta Konkurtso-Ikerketako Talde Operatiboa bikoiztu egingo da, hirutik sei ikuskatzailera.