Azken boladan Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko Ogasunaren aurkako kanpaina egiten ari dela uste du Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak. «Zergak ez ditugula igo nahi, iruzur fiskalaren aurka ez dugula lan egiten, biltzen dugun diru kopuruaren datuak faltsutzen ditugula, edo Jaurlaritzaren ekonomia itotzen dugula esaten digute behin eta berriz». Horren aurrean, Bilbaok ziurtatu zuen 2011 27,6 milioi euroko superabitarekin amaitu zuela. Urtean zehar bildu zuena baino 65 milioi gehiago gastatu zituen, baina aurreko urtetik kutxetan zituen 97 milioiri esker lortu du kopuru hori. «Finantza aldetik osasuntsu gaude, datu lasaigarriak eta kontrolatuak eskaintzen baititugu».
Behin kontuak argituta, Bilbaok gainerako erakundeei —Jaurlaritzari batez ere—2011ko kontuen berri emateko eskatu die. Behin alde guztien finantza egoera ezagututa, etorkizunean hartu ahal izateko neurrien inguruan hitz egiten has daitezkeela esan du Bilbaok. «Gaixoari zein botika eman behar zaion jakiteko, lehenbiziko gaixotasuna diagnostikatu behar zaio». Era horretan, Jaurlaritzatik egindako kritikak ixilarazi nahi izan du: ez dutela herrialdea aurrera eramaten laguntzen.
Guzti horren atzean «txipiroi tinta eta ke bonba» estrategia bat dagoela uste du Bilbaok, «arazoaren ardura kanpoei egotziz». Zentzu horretan, Jaurlaritzaren egoera zein den argi ez dakiela adierazi du. Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak, ordea, finantza arazorik ez dagoela adierazi zuen duela egun batzuk, «ez da sekula izan, eta etorkizunean ere ez da egongo». Baina Bilbaok Finantzen Euskal Kontseiluaren aurretik Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuaren deia jaso zuen. «Altxortegi arazorik ez baldin badaukate, zertarako deitu zidan Aresek?».
1.000 milioi gutxiago
2010ean egindako aurreikuspenen arabera, iaz 12.500 milioi euro bildu behar ziren. Barne Produktu Gordinak %1,4eko igoera izatea espero zen, baina azkenean %0,6koa izan zen. Ondorioz, uste zena baino 1.000 milioi gutxiago bildu zen 2011n. Kontu horretan ere, Bilbaok kritika egin dio Jaurlaritzari: «Eurek 13.000 milioi biltzeko aurreikuspena jartzeko esaten ziguten, baina guk zuhurragoak izateko esan genien». Diru gutxiago bilduta, aurreikuspenak ez betetzea denen ardura dela esan du, baina «eztabaidan, zeinek zuen arrazoia?».
Bizkaiak 27 milioiko superabita izan zuen iaz, kutxetan zuen diruari esker
Aldundiaren aurkako «kanpaina» amaitzeko eta behingoz kontuak azaltzeko eskatu dio Bilbaok Jaurlaritzari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu