Zergak

Bizkaiak 454,2 milioiren zerga iruzurra atzeman du

Hiru diputazioek Ogasunari aitortu gabeko 985 milioi euro aurkitu zituzten iaz. Zergetan bildutakoaren %9 inguru da hori.

Iker Aranburu.
2013ko martxoaren 14a
19:27
Entzun

Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatuak gaur goizean Bizkaiko Batzar Nagusietan azaldu du iaz 454,2 milioi euroren iruzurra atzeman zutela. Diru horrekin "lau Guggenheim" eraiki zitezkeela zehaztu du. Edonola ere, 2011an atzemandakoa baino nabarmen gutxiago da, orduan 560 milioiko iruzur poltsa aurkitu zutelako.  Iruarrizagak zehaztu du iazko datuak puztuta zeudela, iruzurgile bakar bati 150 milioiren zorra aurkitu ziotelako. Azken bederatzi urteotan 2.800 milioi euro aurkitu ditu. 

Iruzur handiena BEZean egin dute bizkaitarrek, 209 milioi euro hain zuzen ere. Sozietate zergan 169,7 milioi izan dira, 54,7 milioi errenta zergan eta 12,8 milioi besteetan. 

Iruarrizagak zehaztu duenez, atzemandako iruzurraren %70 bakarrik berreskuratu ahal izaten du Ogasunak. Hamasei kasu auzitegietara eraman dituzte, iruzurraren neurriarengatik delitua egon daitekeelakoan.

Iruzurretik berreskuratu dezaketen dirua oso ongi etorriko zaie aldundiei, bilketaren lehen datuak oso kaskarrak baitira. Gipuzkoako Aldundiak gaur goizean zabaldu duenez, urtarrilaren 1etik otsailaren 28ra arte 511.713 milioi euro bildu ditu, iaz epe horretan baino %6,5 gutxiago. Jaitsieraren arrazoien artean dago langile publiko gehientsuenek Gabonetako aparteko saririk ez zutela jaso eta hortaz, haren atxikipenik gabe geratu dela aldundia. Otsaila arteko bilketa urte guztikoaren %14 baizik ez denez jaitsiera tentuz hartu behar dela dio Ogasun sailak, baina hala ere onartu ez du ez diola traza onik atzematen. Kontsumoaren beherakada nabaritzen ari dira kutxa publikoak. Azken urteotako merkealdirik okerrena izan dutela jakinarazi dute jantzu saltokiek eta datuek egiaztatzen dute; iaztik hona BEZ zerga igo egin zaien produktu eta zerbitzu gehientsuenei, haren bidez bildutakoa %0,8 jaitsi da Gipuzkoan urtearen lehen bi hilabeteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.