Iruzur fiskala

Bizkaiak 523 milioiko zerga iruzurra azaleratu du

Iaz atzemandako kopurua baino %12 gehiago da aurten Ogasunak azaleratu duena.

Jose Maria Iruarrizaga, Ogasun eta Finantzen foru diputatua. MONIKA DEL VALLE, ARGAZKI PRESS
xabier martin
2015eko martxoaren 27a
09:29
Entzun

Guztira, 523,8 milioi euroko zerga iruzurra aurkitu du Bizkaiko Ogasunak 2014an, helburu horrekin egindako 748.756 jarduketetan: aurreko urtean baino % 12 gehiago aurkitu da, beraz. Gainera, 79 milioi datu baino gehiago trukatu dira beste zerga-administrazio batzuekin. Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun diputatuak azaldu du  523,8 milioi euroko kopuru hori handiago dela Aldundiak Gizarte Ekintzarako edo Herri Lan eta Garraiorako aurten duen aurrekontua baino, eta ia zazpi aldiz handiagoa Ekonomia Sustatzeko Sailaren aurrekontua baino. 

Zerga desberdinei dagokienez, azaleratutako iruzur gehiena BEZaren inguruko jarduketetan atzeman dute: 303,9 milioi euro. Sozietate zergan, berriz, 91.2 milioi euro azalerarazi dituzte; eta Errenta zergan, azkenik, 84,6 milioi euro.

Gainera, Iruarrizagak iragarri du hamahiru delitu igorri dizkiotela Fiskaltzari eta bost kondena epai irmo bihurtu direla; bada, epaitegiek delitu horien arduradunei ezarritako zigorrek, guztien artean, hamahiru urteko espetxe-zigorra ekarri dituzte.

Delitu horiei dagokienez, zazpi BEZari lotutakoak dira (bost milioi euro); beste hiru Sozietate zergari lotutakoak (1,7 milioi euro); delitu bat dago PFEZ zergari lotuta, (404.984 euro); eta agiri-faltsutasunari lotutako beste bi. Guztira, 7,1 milioi euro.

Jose María Iruarrizaga diputatuak, gainera, legegintzaldi osoan (2011-2014) egindako jarduketen emaitzak jakinarazi ditu: 2.000 milioi eurotik gorako iruzur fiskala aurkitu da epe horretan.

Informazioa lortzeko administrazioen arteko informazio trukaketari dagokionez, 79 milioi datu trukatu dira beste ogasunekin, eta 79 milioi datu horiek honela banatu dira: 3,5 milioi Arabako Foru Ogasunarekin, 4,6 milioi Gipuzkoakoarekin, 2,9 milioi Nafarroarekin, eta gainerakoa, 68 milioi datu, Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin (AEAT).

Gipuzkoako datuak

Helena Franco Gipuzkoako Ogasuneko diputatuak  hilaren 9an eman zuen ezagutzera lurralde horretan atzemandako iruzurraren kopurua 2014an: 414,6 milioi euro azaleratu dituzte, iaz baino %5,3 gehiago. Kopuru horretako zati handiena Sozietate zergan atzeman du Gipuzkoak, %41 (170 milioi euro). BEZ zergan, aldiz, zerga zorrak behera egin du nabarmen (-%4,3), baina, hala ere, 114,4 milioi azaleratu dira. Errenta zergan eta aberastasunaren zergan, bestalde, 112,2 milioi euro azaleratu dira 2014an, aurreko urtean baino baino %7,5 gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.