Bizkaiko aurrekontuak

Bizkaiko Aldundiak %5 handituko du bere aurrekontua

1.253 milioi euro izango dituzte eskuragarri. Gizarte Ekintza Sailak izango du gasturik handiena: 537,8 milioi euro.

Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko urriaren 30a
20:10
Entzun

Bizkaiko Foru Aldundiak inoiz izan duen aurrekonturik handiena izango du hurrengo urtean: 8.216,7 milioi euro. Baina Eusko Jaurlaritzari egingo dion 5.139 milioi euroko ekarpenaren ondoren, eta udaletara bideratuko dituen 896,8 milioi euroak kenduta, 1.253 milioi euroko aurrekontuak izango ditu aldundiak gastatzeko. Hau da, aurten baino ia %5 gehiago.

Sailen artean Gizarte Ekintza Sailak izango du gasturik handiena, %43koa, eta 537 milioi euro izango dituzte horretarako. Ekarpen handiena izango duen hurrengo saila Ekonomia eta Lurralde Garapenarena izango da: 283 milioi euro. Unai Rementeria ahaldun nagusiak argi hitz egin du gaur goizean, aurrekontuak aurkezteko garaian: “Bizkai hobe baten atzetik goaz, eta, horretarako, ez dugu inor atzean utzi nahi”.

Bizkaia garai onean dagoela nabarmendu du, aurten baino 58 milioi euro gehiago izango dituelako gastatzeko 2019an. “Haizea alde dugula aprobetxatu behar dugu, baina zuhurtziarekin”, esan du Rementeriak. Inbertsio produktiboak sustatuko dituztela azpimarratu du, “kalitatezko lanpostuak sortuz”. Eta horri izena jarri dio: obra publikoa. Datorren urtean hainbat erronka izango ditu parez pare aldundiak zentzu horretan, Portugalete eta Getxo arteko tunela, Bilbo hegoaldeko saihesbidea amaitzea, eta Nagusi Center, besteak beste. Eta hori Ekonomia eta Lurralde Garapenaren Sailak izango duen hazkundean sumatuko da, aurtengo ekarpena baino %5,4 handiagoa izango baitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.