Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrekontuek %4,6 egingo dute gora 2014 urtean. 1.502 milioi euro izango ditu esku artean aldundiak, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak azpimarratu duenez. Diru bilketak %5 egingo du gora —6.547,3 milioi—, baina Eusko Jaurlaritzari 4.235 milioi euroko ekarpena egingo dio aldundiak, %6,3 gehiago. Bestetik, kupoa ordaintzeko 384,9 milioi euro erabiliko dira, 2013an baino %5,3 gutxiago. Hala ere, oraindik Espainiako Gobernuarekin akordio batzuk egin behar direla azpimarratu du Bilbaok.
Igoera hori datorren urterako diru bilketak gora egingo duelako aurreikusten dela justifikatu du Bilbaok, “egoera ekonomikoaren berreskurapen txikia” espero delako. “Itxaropenerako tartea” egon badagoela nabarmendu du, baina egoera ez dela “suziriak pizteko” modukoa. Hain zuzen ere, datorren urtean 6.547,3 milioi euro bilduko lituzke Bizkaiko Ogasunak.
Proiektuaren inguruko akordioa “datozen egunetan” lortuko duela aurreikusi du Bilbaok, eta horretarako PSE-EErekin “lehentasun” jarrera hartuko duela azpimarratu du. Hain zuzen ere, alderdi politiko horrekin aurrekontuak aurkeztu aurretik kontaktuak izan dituztela aurreratu du, eta oraindik akordioez hitz egiteko “goizegi” dela onartu duen arren, “akordioa lortzeko oinarriak” jarri direla esan du. Edozein modutan, PP eta EH Bildurekin ere biltzeko asmoa duela aurreratu du, eta horien ekarpenak jasotzeko prest dagoela.
Bilbaok, bestetik, nabarmendu du hiru lehentasun izan dituela 2014 aurrekontuak egiterakoan. “Gizarte zerbitzuak mantentzea, enplegua susatzea, eta azpiegituretan inbertitzea”. Eta hain zuzen ere, arlo horiek hartuko dute sailen artean inbertsiorik handiena. Hiruren artean 848 milioi euro. Zentzu horretan, gizarte ekintzetarako laguntzetan adineko pertsonek izango dute pisu handiena —sailak 465 milioi ditu, eta 162,4 bideratuko ditu adinekoengana—; enplegua sustateko 4 milioi euroko funts berezi bat sortuko du eskualdeak berraktibatzeko plan batekin batera, eta denetara 850 lanpostu sortzea espero dute; eta azkenik, 2014ko udan Ermuako saihesbidea eraikitzen hasteko 10 milioi euroko inbertsioa egingo du aldundiak.
Aurrekontu horiekin, Bilbaok esan du Bizkaia ez dela zorpetuko. Hau da, “amortizatzen den adina zor publiko harpidetuko da”. Aldundiak une honetan duen zor bizia —1.230 milioi euro— ez da haindituko, eta 2013 urte amaierarako aurreikusita dagoen berdina izango da. Horrez gain, soldata publikoak “agindu legalagatik” izoztu egingo direla ere aurreratu du ahaldun nagusiak, eta tasa eta prezio publikoak %1 eguneratuko direla.