Bizkaiko elikagaien merkataritzak greba egingo du ostiralean

Hilaren 22an, 23an eta 24an ere egingo dituzte lanuzteak, ELA, UGT, CCOO eta LAB sindikatuek deituta

Mikel Carramiñana.
2008ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Emakumezkoak dira, lanaldi luzeak dituzte eta, batez beste, 800 euroko soldatarekin bizi dira. Bizkaiko elikagaien merkataritza sektorean aritzen diren 7.000 langile gehienen ezaugarri nagusiak dira. Enpresaburuek, alabaina, beharginen lan baldintza eta eskubideetan «atzera egin nahi dute», ELA, CCOO, UGT eta LAB sindikatuek salatu dutenez.

Maiatzetik ari dira patronalarekin hitzarmen kolektiboa negoziatu ezinean eta, horregatik, sindikatuek lanuzteak deitu dituzte hil honetarako. Hilaren 5ean, etzi, izango da lehenengoa eta, hurrengoak, gabonen bezperan izango dira, abenduaren 22, 23 eta 24an.

ELAko Merkataritza arduradun Marije Fernandezek azaldu zuenez, enpresaburuek soldatak KPIren gainetik igoko ez dituztela ziurtatu dute, «urteotan eta, 2008an ere, irabaziak izan dituzten arren». Horrez gain, langileen eskubideak murriztu nahi dituztela salatu zuen: baimenak desagerrarazi, gaixotasun egoeretan soldataren laurdena osatzea mutualitateen esku utzi eta lan egutegian malgutasuna inposatu nahi dizkiete enpresek.

Udan mobilizazioak egin zituzten sektoreko langileek eta lan hitzarmenerako negoziazio mahaia, azken aldiz, azaroaren 24an bildu zen, aurrerapausorik gabe. Hori ikusirik, lanuzteak deitzea erabaki dute lau sindikatu nagusiek, «lan baldintza duinak aldarrikatzeko».

Ziortza Amestoi LABeko Merkataritza arduradunak azaldu zuenez, Lidl, Sabeco, BM eta Ercoreca taldeetako Bizkaiko supermerkatuetako bezeroek nabarituko dute greba, «itxita» egongo baitira iragarritako egunetan.

Kontserbagintza zain

Bizkaiko enpresa kontserba egileetako langileak ere lan hitzarmena berritzeko negoziazioetan ari dira. ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuen arabera, sei hilabete pasatu dira hitz egiten hasi zirenetik. Atzo hasi beharreko lanuzteak deitu zituzten baina, enpresaburuek proposamen berria egin ondoren, atzeratu egin dituzte, proposamena aztertu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.