Bizkaian langabeziak gora egiten jarraituko duela pentsarazteko datua eman du gaur goizean Bilboko Merkataritza Ganberak: Bizkaiko enpresen %32k lantaldea murriztuko dute datozen hiru hilabeteetan. Datu horixe azpimarratu dute industriaren egoera aztertzeko ganberak bi hilabetean behin argitaratzen duen inkestan. Baina, lanpostuak murrizteaz gain, konfiantza industrialaren indizeak ere behera egin du 2012ko bigarren erditik aurrera, nahiz eta maila apalean jaitsi den. Eta hori guztia, eskaerak jaitsi eta ekoitzitako produktuen stock-a ere doitu egin delako.
Joan den urteko azken hilabeteetan hazi egin da ekoizpena jaitsi zaien enpresen kopurua. Ordea, ekoizpenean gora egin duten enpresa gutxiago daude, 2011ren aldean: %21etik %9ra jaitsi da kopurua. Jaitsiera horren arrazoi nagusia etxeko merkatuaren jaitsiera “garrantzitsuaren” ondorio da, ikerketan azpimarratu dutenez. Era horretan, salmenten jaitsiera sumatu duten enpresen zenbatekoak ere gora egin du Bizkaian: 2011ko %54tik %68ra igaro da. Datu horretan goranzko joera izan dutenek ere behera egin dute, %22tik %11ra.
Egoera horri aurre egiteko, esportazioan daukate itxaropena Bizkaiko enpresek. Baina horretan ere datuek ez dute laguntzen. Europako merkatuen krisiak zuzenean eragin du, eta, inkestaren arabera, 2011rekin alderatuta esportazioa hazi zuten enpresen kopurua %34tik %22ra jaitsi da.
Jose Angel Corres ganberako presidentearen esanetan, euskal ekonomiaren berreskuratzea “geldo” doa, eta etorkizun hurbilera begira “ezegonkortasuna” da nagusi. “Ahalegin pribatuak eta politika publikoak indartu behar dira industriaren jarduera berreskuratzeko”, esan du.