18 orduko bilera egin zuten Herrialde Katalanetako eta Espainiako arrantzaleek eta Espainiako Gobernuko Arrantza Ministerioko ordezkariek. Katalunia, Valentzia, Andaluzia eta Murtziako arrantzaleak izan ziren bileran. Azkenean, gasoil litroko 9,5 zentimoko laguntza emateko proposamena egin die Arrantza Ministerioak, eta eskaintza onartuta, blokeoa bertan behera uztea adostu dute arrantzaleek.
Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzalean ez dira bileran izan, ordea, eta blokeoarekin jarraitzen dute. Espainiako Arrantza Ministerioko ordezkariekin bilera egin nahi dute, eskaintzaren berri jakin, eta onartzeko modukoa den edo ez aztertzeko. Nolanahi ere, proposatzen den laguntza horrek ez diela beraiei mesede egiten azaldu dute, kontsumo txikiko itsasontziei baizik.
"Muturreko egoeran", Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek Bermeoko, Bilboko eta Pasaiako portuak itxi zituzten atzo. Azken 22 hilabeteotan gasolioaren prezioa %130 igo dela salatu dute, eta erregaia merkeago erosteko neurriak exijitu dizkiote Espainiako Gobernuari. Erregai litroa 0,50 euro inguru ordaintzen dute orain, eta 0,30 eurora jaisteko laguntzak nahi dituzte. Egoera "basatiaren" aurrean irtenbiderik ez eskaintzea egotzi diote Madrili, eta konpondu artean ez direla lanera itzuliko iragarri zuten atzo.
"Sistema frantsesa" aldarrikatu zuten marinelek, eta Lapurdiko eta Frantziako arrantzaleek erregai litroa 0,30 euro zentimo ordaintzen dutela argudiatu zuten.
Arrantza
Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek blokeoari eutsi diote
Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek Bilboko, Bermeoko eta Pasaiko portuak itxita dituzte oraindik. Izan ere, ez dute parte hartu Espainiako Arrantza Ministerioak Herrialde Katalanetako eta Espainiako arrantzaleekin izan duten batzarrean, euskal marinelen arabera, Ministerioak ez dituelako gonbidatu. Beraz, Madrilgo ordezkariekin bildu nahi dute, proposamenaren berri izan, eta hartu beharreko erabakia hartzeko, "akordioa besterik gabe onartuz gero inposaketa litzatekeelako". Gaur arratsaldean bilera egingo dute Gipuzkoako eta Bizkaiko kofradietako ordezkariek, gai horri buruzko erabakiak hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu