Bizkaiko merkataritzako langileak, merkealdian protestak gogortzeko prest

Bi orduko lanuztea egin dute lan itun berria eskatzeko; lanaldia jaistea eta KPIaz gaineko soldata igoera nahi dute

Miren Garate.
2011ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Hilabeteak daramatzate Bizkaiko merkataritzako langileek lan hitzarmen berria eskatzen. Patronala presionatzeko asmoz, bi orduko lanuztea egin zuten atzo. «Baloratzeko moduko» proposamenik egin ezean, «beherapen garaiari begira» mobilizazioak gogortuko dituztela esan dute.

ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk deitu zuten lanuztera.Jasotako erantzunarekin gustura agertu dira, «langile gehienek» bat egin zutelako. Goizeko hamarretatik aurrera gurutze bide bat irudikatu zuten 300 langile inguruk Bilboko kaleetan. Merkataritza sektorearen barruan, sei hitzarmen daude Bizkaian: elikagai enpresetakoa, ehungintzakoa, oinetako eta arropena, altzariena, metal dendetakoa eta merkataritza orokorrekoa.Arlo ezberdinetako hamalau saltokiren aurrean geratu ziren, sinatu gabeko hitzarmenak eskatzeko.

Plaza Biribilean amaitu zen protesta. Marije Fernandez ELAko merkataritzako arduradunak KPIaz gaineko soldata igoera eta lanaldiaren murrizketa eskatu zituen. Haren esanetan, antzinatasunik ez duten langileek mila euroz azpiko soldata dute eta 1.756 orduko lanaldia. Otsailaz geroztik ez dira elkartu Cecobi patronalarekin. «Ez dakigu negoziazio kolektiboaren erreformaren zain dauden. Probintzia mailako hitzarmenen kontrako fronte komuna izango da hura».

Negoziatzeko prest daudela esan du enpresaburuen elkarteak, baina euren eskaerak ere kontuan hartzekotan. «Ezin dira langileen interesak bakarrik kontuan hartu, enpresenak ere hartu behar dira», esan du Cecobik. Lan hitzarmenek langileen babeserako tresna huts bat baino gehiago izan behar dutela gogoratu du, «enpresei unean uneko egoera ekonomikora egokitzen lagundu behar die, lehiakortasunik eta antolaketa gaitasunik galdu gabe». Patronalaren esanetan, oso jarraipen txikia izan zuen atzoko lanuzteak. «Krisi eta hainbeste zailtasuneko unean halako zerbait egitea arduragabekeria da».

Sei urte negoziatu gabe

Bizkaiko merkataritzako lan hitzarmenak ez die eragiten Ikeako langileei, beste bat dute, Espainiako saltoki handietakoa. Alabaina, haiek ere lan ituna berritzeko protesta egin zuten atzo. Sei urte pasatu dira Barakaldoko denda ireki zuenetik. Ordutik langile batzordearekin ez duela ezer negoziatu salatu zuten sindikatuek. Hala, larunbatetan eta jende asko elkartzen den beste hainbat egunetan, sinadura bilketa egingo dute denda kanpoan. ELAk, LABek, CCOOk, UGTk eta independenteek antolatu dute ekimena. Bezeroen babesa lortzea da helburua,zuzendaritzari lan baldintzak hobetzekoeskatzeko.

Sindikatuek emandako datuen arabera, langileen %35ek astean hogei ordu baino txikiagoko lanaldia dute; %30 baino gehiagoaldi baterako lan kontratuarekin ari dira; eta %64k mila euroz azpiko soldata dute.

Langile batzordearen esanetan, enpresak «xantaia egiteko» erabiltzen du behin-behinekotasuna. Horretaz gain, lana eta familia uztartzeko aukerarik ez ematea, langileak baldintza «penagarrietan» edukitzea eta azken urteetan gehiegizko kaleratzeak egitea leporatu dio zuzendaritzari.

Besteak beste, hauek eskatu dituzte: langile guztientzat pizgarri sistema bat, larunbatetako librantzetan baldintza berberak izatea lanaldi osoan aritzen direnek eta besteek eta hobekuntzak lan osasunean .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.