Urteroko argiak eta apaindurak kalean ikusi baino lehen, Gabonak datozelako lehen oharra Bizkaiko merkataritzak egin du: sektoreko sindikatuek hiru greba egunera deitu dute garai horretarako. Hain zuzen ere, abenduaren 23an eta 24an -Gabon gauean- eta merkealdia hasten den egunean, urtarrilaren 7an, egin nahi dituzte lanuzteak.
Patronalak sektoreko negoziazio kolektiboan duen jarrera salatu nahi dute sindikatuek deialdiaren bidez. ELAk, CCOOk, LABek eta UGTk bat egin dute ekimenarekin. Hots, negoziazio mahaietan ordezkaritza guztia duten lau erakundeek. Haien aburuz, itunari begira Cebek enpresaburu elkarteak aurkeztu duen azken eskaintza «iraingarria» da.
Bizkaiko 15.000 langile biltzen ditu merkataritzak, orotara. Elikadura, jantziak, metala, larrua eta oinetakoak, komertzio orokorra eta altzarien sektoreak daude lanuztera deituta, lan itun «duinak» eskatzeko.
Patronalak soldata igoera «kaskarrak» eskaini izana kritikatu dute sindikatuek. Esaterako, hileroko ordaina lau euro igotzea, «KPIaren azpitik». Bestalde, lanaldian inolako murrizketarik ez onartzeko jarrerari eusten dio Cebekek. Batez beste, soldatak %4 handitzea eskatu dute langileen ordezkariek.
Negoziazioak luzatu
ELAko sektoreko arduradun Marige Fernandezen ustez, bi aukera eskaintzen dizkie patronalak langileei. «Edo trantsizioko itun azkar bat sinatzen dugu, inolako aldaketarik gabe, edo negoziazioa kromo truke bat bihurtuko da. Hor zerbait lortu nahi badugu, asko kostatu zaizkigun eskubideei uko egin beharko diegu», ohartarazi zuen deialdia aurkezteko agerraldian.
Fernandezen irudiko, patronalak ahalik eta gehien luzatu nahi ditu negoziazioak, «langileei sinestarazteko probintziako itunek ez dutela ezertarako balio». Horren helburua hitzarmenak berandu sinatzea litzateke, «edukirik eta soldata hazkunderik gabe eta baldintzak hobetu gabe».
Bizkaiko merkataritzako hamar langiletik zazpi emakumeak dira, eta soldata «eskas» eta lanaldi «luzeak» dituzte.
Bizkaiko merkataritzan hiru greba egunera deitu dute Gabonetarako
Abenduaren 23an eta 24an eta urtarrilaren 7an egingo dira lanuzteak, sindikatu guztien ekimenez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu