Bizkaiko metalak enplegua murrizten jarraituko du

Lau enpresatik batek kaleratze berriak egingo ditu aurten, jarduera suspertuko denik ez duelako espero

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2010eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Bizkaiko metalgintzak aspaldiko urterik txarrena izan zuen 2009a, eta, orain arte behintzat, ez dirudi 2010a susperraldiaren urtea izango denik. Hala uste dute behintzat sektoreko hamar enpresatik ia zazpik. FVEM patronalak emandako datuak dira, 250 enpresetako zuzendarien artean datozen hilabeteetarako aurreikuspen ekonomikoen inguruko itaunketa egin ondoren.

Jaime Fernandez FVEMeko kudeatzaileak azaldu duenez, enpresen erdiek ez dute uste hemedik gutxira jarduera handituko dutenik, eta horrek enpleguan eragina izaten jarraituko du. Inkestaren arabera, enpresen %23k erantzun dute datozen hilabeteetan kaleratzeak egiteko asmoa dutela. Hamarretik batek baino ez du uste, ordea, lanpostu berriak sortuko dituenik.

Fernandezek ez du uste, hala ere, galera handia egon daitekeenik urte amaierarako: «Ez da iazkoaren tamainako murrizketarik izango». Datorren urterako, gainera, enplegua sortzen hasi beharko liratekeela aurreratu du, «pixkanaka» bada ere.

Oro har, Bizkaiko metaleko enpresetan «ezkorrak» direla ohartarazi du patronaleko ordezkariak. Krisiaren unerik txarrenak igaro direla dioten arren, «oraindik ez dute hazkundearen azterna sendorik ikusten». Ondorioz, hamarretik zortzik ez dute inbertsio berririk egiteko asmorik, eta horrek «ekonomiaren susperraldia atzeratzeaz gain, lehiatzeko ahalmenari kalte egingo dio».

Finantzaketari dagokionez, azken urteko arazoak bere horretan iraun izana deitoratu du Fernandezek, kredituak eskuratzeko zailtasunak itaundutako enpresen heren batek dituelako. Arazoak arazo, ia erdiek irabazietan jarraitzen dute, gainerakoak galeretan sartu diren bitartean.

ThyssenKruppekoen borroka

Zailtasunak dituzten Bizkaiko metalgintzako enpresen artean, Alonsotegiko ThyssenKrupp Bilstein Ibericako langileak daude. Uda hasieran, zuzendaritzak langile guztiak kaleratzeko erregulazio espedientea aurkeztuko zuela jakinarazi zion langile batzordeari. Ordudanik, askotariko protestak egin dituzte, eta konponbide bila aritu dira 120 langileak batetik eta bestera. Enpresaren beste lantegietan lanean hasteko aukera ereeskatu diote Alemaniakomultinazionalari, baina kalte-ordainei buruz baino ez diete hitz egin.

Langile batzordea zuzendaritzarekin batzartuko da gaur, arratsaldeko hiruretan. Eta langileek ohartarazi dute enpresak negoziazioak hausteko mehatxua gauzatuz gero mobilizazioetan berehala hasiko liratekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.