Maiatzean sindikatuek proposamen bateratua egin zutenetik, gaur hamargarren aldiz gelditu dute ekoizpena Bizkaiko metaleko langileek. Astelehenean aste osoko greba deialdia hasi denetik, %85 inguruko erantzuna izan du sindikatuen hitzetan, eta FVEM patronalak %20 ingurura jaitsi du langileen erantzuna. Kontuak kontu, gaur eguerdian Bilbon egindako manifestazioan jendetza handia batu da. Milaka langilek itun duin bat eskatu dute ozen.
"Zorionak eman behar dizkiegu langile guztiei: ikaragarrizko grebak egin dituzte aste honetan", esan du Mikel Etxebarria ELAko ordezkariak. Aste honetan Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak gatazkaren inguruan plazaratu dituzten iritzien inguruan, esan du aste honetan horien aurka ere borrokatu behar izan dutela langileek. "Inork zalantzarik badauka, guk akordioa nahi dugu. Nola ez dugu nahiko? Zeinek dauka akordioa lortzeko interes handiagoa prekaritatea pairatzen duen jendeak baino?".
Kritikak egin dizkiete sindikatu guztiek EAJ eta Jaurlaritzari, gatazka honetan alde batera lerratu direla iruditu zaielako. Baina patronalari gogorarazi diote akordioa bideratzeko lan egin beharko duela. "Pilota FVEMen esku dago. Prest gaude akordio bat egiteko, baina duintasuna oinarri izango duen akordio bat izango da. FVEM, gu prest gaude, zure esku dago; borrokak iraungo du mehatxatzeari uzten diozunean", esan du Eulate Zilolizaurrekoetxea LABeko ordezkariak.
Joan den asteko asteazkenean sindikatuak eta patronalak negoziazio mahaian azken aldiz eseri zirenetik ez dira berriz elkartu, eta, Jose Maria Rojo UGTko arduradunak esan duenez, FVEMek sindikatuei esan zien ezer berria zutenean deitzeko eurei. "Baina pilota haien teilatuan dago; greba hauek hain handiak izan baldin badira, hori patronalaren jarrerarengatik izan da".
Eguerdian Bilbon egin duten manifestazio jendetsuan borrokarako deia etengabea izan da, eta Jaurlaritzaren aurkako oihuak entzun dira. Ertzaintzaren presentzia ere oso handia izan da Jaurlaritzak hiriburuan duen egoitzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren parean.