Koronabirusak eragindako krisi ekonomikoak kalte handia eragin die Bizkaiko metalgintzako enpresei, eta bereziki autogintzaren sektorean dihardutenei. Tamara Yague Bizkaiko Metalgintzako Enpresen Federazioko presidenteak emaniko datuen arabera %90 «geldirik daude edo atzeraka egiten ari dira», eta %42ak baino ez du espero epe motzean jarduna berpiztea, eta horiek %50 eta %75 artean kokatzen duten jardun hori.
Krisiak enpleguan ere eragina izango du, eta federazioaren inkestari erantzun dioten enpresarien %30ek lan taldea murriztea aurreikusi dute, eta %41ek lantalde handiegia dutela uste dute. Kaleratze horiek eragotzi eta enpresen bideragarritasuna errazteko, Yaguek ezinbestekotzat jo du aldi baterako erregulazio txostenentzako onarturiko arau bereziak «gutxienez» abendura arte luzatzea. Sektoreak beharko lituzkeen neurrien artean «kontratazioen malgutasun handiagoa» mesedegarria litzakeela nabarmendu du.
Enpresen %77aren eskaera poltsa «ahula edo oso ahula» da, eta zentzu horretan autogintzako enpresen egoera delikatua aipatu du. Enpresen erdiak «atzerakada nabarmenean» dagoela esan du inkestan, eta %94ek ez dute espero aurrekora itzultzea hamabi hilabete baino lehenago. Zentzu horretan FVEMek beharrezko ikusten du kontsumoa aktibatuko dituzten neurri gehiago, «eta zehatzago batzuk, bereziki autogintzara zuzenduak». Enpresariei, aldiz, berrikuntzan eta internazionalizazioan inbertitzeko eskatu die.