Lan gatazkak

Bizkaiko metalgintzako itun sektoriala indarrean dagoela diote epaileek

2001-2003ko Bizkaiko Metalgintza Hitzarmenak jasotzen duen ultraaktibitateak bere horretan segitzen duela ebatzi du Bizkiako Lan arloko 4. epaitegiak.

xabier martin
2013ko azaroaren 28a
14:37
Entzun

Uztailaren 7az geroztik lan harremanen arloan zabaldutako desarautzean zenbait argi ematen hasi dira epailegiak. Sindikatuek salaketa ugari jarri dituzte epaitegietan PPk onartutako lan erreformak finkatzen duen itun iraungituen urtebeteko ultraaktibitatea bere gaian sinatutako itunen menpeko dela defendatuz, itunak indarrean daudela defendatuz alegia. LABek demanda bat aurkeztu zuen udan, eta Bizkaiko Lan aroloko 4. epaitegiak aintzat hartu du. Hala, 2001-2003ko Bizkaiko Metalgintza Hitzarmenak indarrean jarraitzen duela diote epaitegiek, eta ebazpena itzal handikoa da kontuan hartuta 50.000 langile inguru daudela itun kolektibo horren barruan.

"Honek esan gura du hitzarmenak indarrean irauten duela eta hortaz, enpresek erabili behar dutela aurrerantzean ere, estatu mailako oinarrizko araudia zein Langileen Estatutuaren erabilpena baztertuz", dio LABek hedabideei igorritako ohar batean. LABen iritzian epaia "positiboa" da. Dena den, gogoratu du euren "borroka ez dela honegaz amaitu", sektoreko hitzarmena bete dadin, baita enpresetan ere, "jarraitu behar dela borrokan". Halaber, sindikatu abertzaleak argi adierazi du "helburua ez dela mugatzen hitzarmen hau luzaroan erabiltzera, hitzarmen berri bat lortzera baizik". Epaitegien arabera indarrean dagoen itunak jasotzen dituen lan baldintzetatik abiatuz lortu nahi dute akordio berria. Edonola ere, erreforma edozein akordiotik kanpo utzi beharko dela dio LABek, eta langileen soldatak Espainia mailako itunen arabera jaisteko saioa betiko baztertu behar dutela patronalek.

"Uztailaren 7az geroztik  FVEM patronalak oso argi adierazi zuen galdutzat jotzen zuela 2001-2003ko Bizkaiko Metalgintza Hitzarmena; modu honetan onura atera gura izan zion Rajoyren PPk egin Erreformari. Ordudanik, metalgintzako enpresa askok jakinarazi diete sektoreko beharginei aipatu hitzarmenean jasotako lan baldintzak ez zituela aurrerantzean erabiliko". Orain saio hori alboratu, eta iraungitako ituna aplikatzen jarraitu beharko du patronalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.