Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun diputatuak azaldu duenez, atzemandako iruzurra Gizarte Ekintza Sailaren aurtengo aurrekontuaren parekoa da. Iaz baino %2,8 gehiago izan da, gainera.
Diru horretatik guzti-guztia berreskuratzea oso zaila izaten da, ordea. Zenbat zehazki jakitea ez da erraza, urte batzuetan zehar berreskuratzen baita dirua.
467,1 milioi euro horien zatirik handiena —delituak barne direla— BEZaren arloko jarduketetakoa da, guztira 217 milioi eurorekin; horren atzetik datoz sozietateen gaineko zerga, 182,9 milioi eurorekin, eta hirugarren postuan PFEZ, 56,3 milioi eurorekin.
Iruzur guztia ez da delitu, izaera hori izateko Ogasunari ezkutatutako diruak kopuru handi batera iritsi behar baitu. 2013an ustezko hamasei delitu berri igorri dira Fiskaltzara, 9,4 milioi euroko iruzurrengatik. Gainera, beste bost zigor epai irmo bihurtu dira. Aldi berean, epaitegiek delitu horien erantzuleei espetxe zigorrak ezarri dizkiete; guztira, zigor horien batura hemeretzi urteko espetxealdia da. Ustezko delitu gehienak (hamar) sozietate zergari lotuta daude.
Gipuzkoak 394 milioi euroko iruzurra azaleratu zuen 2013an, 2102an baino %2,2 txikiagoa. Iaz, batez ere sozietateen zergaren inguruko iruzurrak egin zuen gora Gipuzkoan, %26,2 hain zuzen. Errenta aitorpenaren iruzurra ere handitu egin zen, %18,5. BEZaren iruzurra, aldiz, 2012koa baino %35,3 txikiagoa izan zen.
EAEko hiru aldundien zerga iruzurraren aurkako borrokak 988 milioi euro ezkutu azaleratu zituen 2012an, 2011n baino %2,3 gehiago. Iruzurrik handiena BEZean eta sozietate zergetan aurkitzen dute normalean aldundiek.