Bizkaidendak elkarteak Jaurlaritzari eskatu dio leuntzeko, hain zuzen, osasun larrialdiak ostalaritzari ezarritako neurrietako bat. Bizkaiko ostalari eta dendari elkarteen federazioak eskatu aldatzeko III. eta IV. kategoriako baimena duten tabernak ixtera behartzen dituen araua. Iradoki dute negozio horiei ere aplikatzeko II. kategoriako baimena duten tabernei ezarritako ordutegi muga; alegia, 00:00ak arte zerbitzatu ahal izatea, eta 01:00ean hutsik egotea.
«III. eta IV. kategoriako baimena dutenen artean negozio eredu ezberdin asko daude», zehaztu du Bizkaidendakek. «Horietako askoren ohiko lana egunekoa da, eta asteburuetan, modu puntualean, gau giroarekin nahasten dute. Antzoki delakoen kasua ere hor dago, eguneko menuak eta guzti ematen dituztenak». Federazioaren arabera, asko dira jardun horretan dabiltzan tabernak. Baimena lortuko balute, dantzaleku eremua ez irekitzearen konpromisoa hartuko lukete.
Eskaera Osasun, Ogasun eta Ekonomia, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak sailetara bidali dute. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako eta Azpiegituretako sailburuak adierazia duenez, COVID-19aren bigarren olatuaren eraginez onarturiko osasun larrialdi egoera ez da aste batzuetako kontua izango, eta ostalari batzuk III. eta IV. kategoriako baimenari uko egitea aztertzen ari dira lan egin ahal izateko. Bizkaidendakek, dena den, halako biderik ez hasteko gomendatu die; ez, behintzat, gero aurreko baimena berreskuratzeko trabarik izango ez dutela ziurtatu gabe. Baimen banaketa udal mailan egiten da, eta baldintza jakin batzuk behar dira.
Bizkaidendakek konponbide orokor bat nahi du, eta, bien bitartean, udal batzuek zenbait dekretu aplikatu dituzte euren herrietan arautegi hori leundu dadin. Eibarko (Gipuzkoa) eta Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) udalek, besteak beste, iragan ostiralean dekretu bat plazaratu zuten, III. eta IV. kategoriako baimena duten tabernei egunez irekitzeko baimena ematen diena. Eudel Euskal Udalen Elkarteak eskaera bera egin zuen aste hasieran.