ELAk salatu du FEADRS ostalaritzako espainiar patronalak Bizkaiko ostalaritza hitzarmenaren aurkako helegitea jarri duela EAEko Justizia Auzitegian. Patronal horren asmoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere inposatzea berak CCOO eta UGTrekin sinatu duen Espainiako sukaldaritzako hitzarmena.
"Ezin da onartu patronal horrek eta CCOO eta UGT sindikatuek —zeinek sektore horretan EAE mailan %18ko ordezkaritza duten— horrelako hitzarmen bat sinatzerik; honek, EAEn aplikatuz gero %50eko soldata jaitsiera eta urteko 50 ordu gehiago ekarriko lieke eragindako langileei. Ostalaritzako hitzarmena indargabetzeko asmo horren ondorioa sektorean miseria eta prekaritatea hedatzea litzateke", salatu du ELAk.
CCOOk eta UGTk negoziazio kolektiboa estatalizatzeko estrategia dutela ziurtatu du ELAk. "Sindikatuok laguntza aktiboa ematen dute negoziazio probintziala desagerrarazteko; hala frogatzen du sukaldaritzako hitzarmen estatala eta antzekoak sinatu izanak. Euren babesik gabe patronalaren egitasmoa ez litzateke egingarria. Hitzarmen hau sinatzearen truke prebenda sindikalak lortzen dituzte, enpresek ordaindutako liberatuak". Estrategia horretan laguntzaile izatea egotzi die Confebaski, Eusko Jaurlaritzari —sukaldaritzako hitzarmena bere azpikontratei inposatzen dielako—, eta Mondragon korporazioa).
Sindikatu abertzaleak gogorarazi duenez, Bizkaiko ostalaritza hitzarmena Confebaskeko kide ez den patronal batekin negoziatu zen, eta ELAk, CCOOek eta UGTk sinatu zuten urtarrilean. Bi urtez egongo da indarrean ituna: 2016an %1,60ko soldata igoera izango dute, eta 2017an aurtengo KPI gehi %0,4koa. Bi urteko ultraaktibitatea izango du 16.000 langileri eragingo dion hitzarmenak.