Lan harremanen gaineko blokeoa gainditzeko Adegik proposatutako bidea —sindikatuak bigarren planoan uztea, eta enpresaburu eta langileen arteko harreman zuzena— ez dago sostengu handirik jasotzen ari. Gogor salatu dute sindikatuek —lan harremanak XIX. mendera eramaten dituela salatu dute—, EH Bilduren eta PSEren arbuioa eragin dute, eta haren aurka mintzatu da Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburua ere — "ez da nire eredua"—. Oraingoz, Miguel Angel Lujua Confebaskeko buruak soilik azaldu dio sostengua jendaurrean, baina nahiko era epelean, negoziazio kolektiboa nahiago duela esanez, eta Gipuzkoarako mugatuz.
Gaur goizean Lujuaren bidetik joan da Iñaki Garcinuño Cebekeko presidentea. Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Bizkaiko patronaleko buruak esan du bat egiten duela Adegiren proposamen batzuekin, baina ez, ordea, harreman zuzena hobestearekin. Eredu horrek agian Gipuzkoarako balio dezakeela dio, baina ez Bizkairako, lurralde horretan lan hitzarmen batzuk sinatzen ari baitira. Beste hitz batzuetan esanda, CCOOrekin eta UGTrekin (eta neurri txikiagoan LABekin) akordioak egiteko aukerak ikusten dituen bitartean, Cebekek ez duela bide pertsonalizatutik joko. "Langileekin harreman zuzenak beti egon dira eta beti egongo dira", baina lan harremanak "ez dira eredu horretan oinarritu behar", esan du.
Gainera, Garcinuñok kritika bat egin dio Adegiri, proposamena aurkezteagatik beste patronalekin hitzartu gabe. Haren iritziz, Confebaski dagokio maila horretako proposamenak aurkeztea, hura baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresaburuen elkarteak biltzen dituen konfederazioa. Eusko Jaurlaritzak ere hiru lurraldeetarako eredu bakarra defendatu du.