Argazkiari begiratuta, nabari da manifestazio baten bukaerako ekitaldia dela, jende dezentek parte hartu duela, Bretainiarekin duela zerikusia eta bonet gorriek zerbait ordezkatzen dutela. Alabaina, badaude argazkiari begiratu hutsarekin igarri ezin daitezkeen elementuak. Nabarmenena, akaso, hainbat nagusi langileekin batera ari direla protestan. Bretainian, garai berean egokitu dira enpresen itxierak, Hollanderen gobernuarekiko haserrea eta aldarrikapen erregionalista edo abertzaleak, eta bonetak bezain gorri dago giroa.
Langabezia tasa Frantziako batez bestekoa baino txikiagoa izan arren —%9,4 Bretainian, %10,4 Frantzian—, ekonomiaren motorretako bat, agroindustria, kinka larrian dago. Iazko urte bukaeran Doux hegazti enpresak ia mila langile kaleratu zituen. Haren lehiakide Tilly Sabcok ere esportaziorako hegaztiak hazteari utziko dio, eta iragarri du beste mila lanpostu daudela arriskuan. Hiltegien arloan nahiz elikagaien transformazioan aritzen den GAD SASek 889 lanpostu kendu ditu. Eta Norvegiako Marine Harvest izokin enpresak dio ekoizpenaren zati bat Poloniara eramango duela, beste 300 postu galzorian jarrita.
Luzeago da zerrenda, eta hainbat arrazoi aipatu dira agroindustria halako egoerara iritsi izana azaltzeko. Hasteko, Europatik jasotzen ziren laguntzak murriztu dira. Nazioarteko hainbat itunen eraginez, gorabidean diren herrialdeak ere sartu dira lehiara, tartean Brasil eta ekialdeko herrialdeak. Banatzaile handiek ere gero eta gehiago estutzen dituzte marjinak, eta tentsioa areagotzen du horrek. Kontuan hartu behar da lehengaien prezioak ere zeharo aldakor bihurtu direla, eta garesti daudela azken urteotan. Halaber, ingurumen arazoak ere sortu dira, eta kezka sortzen du uretan dagoen nitrato kopuruak.
Eredu intentsiboa
Egoera hori kontuan hartuta, zalantzak sortu ditu Bretainian sustatutako nekazaritza ereduaren egokitasunak. 1960ko hamarkadan izan zen eraldaketa: orduan aldatu zen denetik egiten zuten etxalde txikietatik haztegi handietara. Horren erakusgarri da, esaterako, hamar urtean heren bat murriztu dela nekazaritza ustiategietako jabe kopurua, nahiz eta hektareatan antzera ibili. Orain porrot egitear duden enpresa gehienak ere garai hartan sortuak dira.
«Bretainiako eredua, bolumenetan oinarritutakoa, arnasa hartu ezinda dabil. Horrek esan nahi du agroelikadurari lotutako guztia krisian dagoela? Ez, balio erantsiaren, kalitatearen eta berrikuntzaren alde egin dutenak ondo doaz», adierazi du CFDT sindikatuak. Bretainian, langileen herenak aritzen dira agroindustrian edo nekazaritzan. Frantzian ekoizten den txerrikiaren erdia hangoa da; arrautzen %40 handik datoz, eta kontsumitzen diren oilaskoen herenak ere bai.
Kamioientzako tasa
Alabaina, azken asteotan Bretainiako kaleetan nabari den gatazka giroa ez du leherrarazi agroindustriaren krisiak, Frantziako Gobernuak indarrean jarri nahi duen neurri batek baizik: ekotasak. Ez da François Hollande presidenteari bururatutako zerbait, 2007an onartutako neurri bat baizik —kargura iritsitakoan, neurriari eustea erabaki zuen Hollandek—. Beti atzeratu eta atzeratu, oraindik ez da martxan jarri. 2014. urte hasieran zen jartzekoa, baina, Bretainian egindako protesten eraginez, berriro ere atzera egin du Gobernuak, oraingoz, datarik gabe. Hala ere, nabarmendu du ez dela bertan behera geratu.
Kamioiek ordaindu beharreko tasa bat da ekotasa, ordainpekoak ez diren errepideetan ibiltzeagatik. Asmoa da, batez beste, 13 zentimo ordaindu behar izatea kilometroko. Garraiolariak erregistratu egingo lirateke, eta errepideetan jarritako radar antzeko tresna batzuen bidez kontrolatu zenbat kilometro egiten dituen bakoitzan. Haietako batzuk apurtu egin dituzte protestetan.
Frantzian osoan ordaindu beharko litzateke ekotasa, baina eskualde batzuei, euren kokapenagatik, gehiago eragiten die, errepide bidezko garraio gehiago behar dutelako. Kalte hori leuntzeko prest zegoela zioen Hollanden gobernuak, baina Bretainian argi esan dute ezetz, ez dutela ekotasarik nahi.
Elkartu egin dira enpresetako ugazabak, garraiolariak, soldatapeko langileak, alkateak, ikasleak, kultura arloko ordezkariak... eta Bretainian Bizi, Erabaki eta Lan elkartea sortu dute. Hark sustatu du bonet-gorrien mugimendua. Azaroaren 2an egin zuten orain arteko protestarik jendetsuena, Kemperren (Quimper). Antolatzaileen arabera, 30.000 lagunetik gora elkartu ziren —Poliziaren esanetan, 15.000—. Maila apalagoan bada ere, Frantziara osora hedatu da ekotasaren aurkako borroka, bonet-gorrien bidez.
Elkartearen izenean ageri diren hiru hitz horietan ageri dira protestaren gakoak. Alde batetik, bizi: kexu dira Bretainiako biztanleak, gazteek, askotan kanpora joan beste erremediorik ez dutelako izaten. Bigarrena, erabaki. Azken hauteskundeetan, bigarren itzulian, Hollandek jaso zituen boto gehien Bretainian, %56; herritarrak, ordea, ez daude batera gustura haren lanarekin: beraien herrialdea eta nekazaritza erabat ahaztuta izatea leporatzen diote. Aipagarria da Kemperko manifestazioan ageri zen Bretainiako bandera kopurua. Zentralizazioaren aurka, «esperimentaziorako eskubidea» aldarrikatu dute bonet-gorriek. Soziologo asko bat etorri dira, eta esan dute posible izan dela alderdi nahiz gizarte talde askotako jendea elkartzea guztiek etsai komun bat ikusten dutelako: estatua, eta haren jakobinismoa.
Sindikaturik ez
Batasuna, ordea, ez da erabatekoa. Bonet-gorriek Kemperren egindako protestak ez zuen jaso sindikatu nagusien babesik —FOkoak soilik joan ziren—. Egun berean, CGT, Solidaires et FSU sindikatuek beste manifestazio bat egin zuten Karaezen (Carhaix). Mila lagun inguru elkartu ziren. «Bonet-gorrien borroka ez da langileona», adierazi zuten. Haien esanetan, mugimendu horrek ez du balio kaleratzeei eta enpresen itxierari aurre egiteko.
Datorren larunbaterako beste manifestazio baterako deia egin dute bonet-gorriek. Karaezen izango da, eta hara ere ez dira joango sindikatuak oraingoan, ezta FOkoak ere.