«Borrokalariak garela agerian utzi dugu»

Bartzelonaraino oinez joan ondoren, Eduardo Iñiguez de Herediak Celsako zuzendari batekin biltzea lortu du

Eduardo Iñiguez de Heredia, Celsa Atlanticeko langilea. DEMARAMEJOR.
Ivan Santamaria.
2012ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
«Gorputzez ongi nago. Animo aldetik, nahasi samar, azken egunetan gertatu diren gauza guztiekin». Bartzelonatik mintzo da Eduardo Iñiguez de Heredia Celsa Atlanticeko langilea. Azken hilabete osoa bidean eman du, oinez, Gasteizko lantegitik Celsa taldeak Kataluniako hiriburuan duen egoitzaraino. Helburu argia zuen ibilaldi luzeak: bere lanpostua eta lankideena defendatzea, eta Celsako langileak edozer egiteko gai direla frogatzea.

Garai gogorrak dira Celsako beharginentzat. Laminaciones Arregui izandakoak erregulazio eskaera zorrotza exijitu zien orain dela bi hilabete: 91 langile bota nahi zituen, eta besteei lanaldia nabarmen luzatu eta soldata %30 jaitsi nahi zien. Langileek enpresaren eskaera errefusatu zuten, eta zuzendaritzaren erantzuna are gogorragoa izan zen: baldintzak onartu ezean, Araban zituen bi lantegiak itxi eta 358 lagun kalean utziko zituen.

Giro horrekin alde egin zuen Iñiguez de Herediak, maiatzaren 21ean. Bartzelonaraino iritsi behar ez izatea espero zuen, egoera aldatu eta enpresaren eta sindikatuen itun bati esker. Zoritxarrez, ez da hala gertatu, eta, negoziazio saio ugariren ondotik, lantegiak ixteko erabakiak ez duela atzera bueltarik jakinarazi zuen enpresak joan den ostiralean.

Celsako langileak ez du etsi. Euskal Herriko kostaldea eta Kataluniako lotzen dituen GR-11 bideari jarraitu dio, Pirinioak zeharkatu, eta Mediterraneora iristea lortu du. Mendiko zailtasunak pasatu behar izan ditu —«lainoa eta zaparradaren bat, batez ere»—, baina gogorrena etxetik iristen zitzaizkion albisteak ziren. «Hobe da gauza batzuk ez kontatzea. Mendian zaude, bakarrik; etxean zer gertatzen ari den entzuten duzu, eta batzuetan ez da erraza izan».

Zuzendaria, «kezkatuta»

Bidaia hasi zenetik, Iñiguez de Herediaren helburu nagusietako bat zuzendaritzarekin aurrez aurre hitz egitea zen. Helburu hori, behintzat, lortu zuen, eta Francesc Riberalta Celsa Atlanticeko zuzendariarekin batzartu zen atzo. «Bilera baino gehiago, elkarrizketa izan da. Geure proiektua azaldu eta egoeraren berri eman diot. Bera saiatu da enpresaren egoera azaltzen, balantzeekin eta kontuekin».

Elkarrizketa zintzoa izan zela nabarmendu du Iñiguez de Herediak. Luzea ere bai. Hiru ordu igaro zituzten elkarrekin, eta beste ordubetez aritu zen harekin mendian etaparen bat egin duten beste lankide batzuekin. «Bere langileen egoerarekin oso kezkatuta dago. Benetan arduratuta dagoela iruditu zait».

Bileraren aurretik ere bitxikeria izan zuten. Zain zeudela, emakume bat eta haren alaba hurbildu zitzaien. «Zuzendariaren aita ezagutzen zuela esan dit. Liceuko bazkidea zela eta musika oso gogoko zuela. Hori dela eta, haren alaba nirekin sartu, eta biolinarekin abesti bat jotzea eskaini zidan. Bakearen ereserkia jo duen bitartean zuzendaria eta biok elkarri begira egon gara. Egoera bideratzen lagundu du».

Dena den, enpresaren etorkizunak bileraren aurretik bezain ilun jarraitzen du. «Guk galdetu diogu ea zer egin daitekeen auzia konpontzeko, bistan dela langileak garela. Berak esan du ezin zuela bere zuzendaritzako kideen gainetik pasatu, eta guk ere argi utzi dugu ezin ginela langile batzordearen gainetik pasatu». Elkarrizketaren emaitzarekin oso pozik dago, arazoak arazo. «Borrokalariak eta langileak garela agerian utzi dugu. Berak ondo ulertu du gure asmoa eta horregatik jardun da horren luze geurekin».

Azken orduko ustekaberik ezean, Laminaciones Arregui izandakoa laster itxiko dute. Azken lan erreformaren ondorioz, enpleguaren erregulaziorako dosierrak ez du administrazioaren oniritzirik behar, eta aurre egiteko aukerak zaildu zaizkie langileei. Iñiguez de Herediak egin duten saioa azpimarratu nahi izan du. «Giza ikuspuntu batekin, oso ekintza arrakastatsua izan da».

Bartzelonan Gasteizko lankideak izan ditu ondoan, ibilaldia amaituta esker ona eta babesa azaltzeko. Celsa Atlanticek Bartzelonan duen lantegiko kideengandik ezer gutxi jaso du, ordea. «Ez da enpresako inor interesatu, ezta langile batzordeko inor. Maila pertsonalean, lauzpabost atera dira ni agurtzeko, besterik ez».

Kataluniako gizarteak emandako laguntza eskertu du beharginak, ordea. Graciako auzoan haien aldeko bazkaria antolatu zuten, eta askaria Katalunia plazan. «Siglarik gabe, zuzendaririk gabe, enpresarik gabe, sindikaturik gabe. Onena pertsonak izan dira, zalantzarik gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.