Boschen Iruñeko lantegiak balaztak egiteari utziko dio 2009 amaieran

Ororbiako lantegian 200 kontratu eteteko, enplegua erregulatzeko dosierra aurkeztu du Kybek

ERREDAKZIOA IRUñEA
2008ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Albiste txarrak pilatzen ari dira Nafarroako industrian. Atzo, Bosch multinazionalak iragarri zuen Iruñean duen lantokiak balaztak ekoizteari utziko diola datorren urte amaieran. Gaur egun, fabrika horretan ehun langile inguruk lan egiten dute. Zuzendaritzak sindikatuekin bilduko da eta lanpostuetan zer moldaketa egin behar dituen negoziatu nahi du eurekin.

Ohar batean talde alemaniarrak argudiatzen du balazten produkzioa Bursa (Turkia) eta Woczlawneko (Polonia) fabriketan bildu nahi duela. Taldeak arrazoitzen du balazta sistemen lehia «oso gogorra» dela, eta pauso hori ematea beharrezkotzat jotzen du. «Helburua da lanpostuekin doikuntza egitea ahalik eta ardura sozial handienarekin eta langile bakoitzari konponbideak eskainiz», dio taldeak.

UGTk ohartarazi zuen iragan astean Bosch taldeak Iruñeko fabrikaren etorkizuna kolokan jarri ziela sindikatuei. Adierazgarria da sindikatuekin aste honetan bildu aurretik eman duela taldeak albistearen berri. UGTk aurreko astean adierazi zuen taldeak proposatutako malgutasun neurriak onartzeko prest dagoela, betiere lantokiaren etorkizuna bermatzen bada.

Ez da zailtasunetan den Nafarroako lantoki bakarra. Kybsak, AP Amortiguadores zenak, herenegun Nafarroako Gobernuari 200 langileri kontratua eteteko enplegua erregulatzeko dosierra aurkeztu zion. Ororbian duen lantokiak 820 soldatapekori ematen die enplegua, eta horrek esan nahi du dosierrak langileen laurdenari eragingo diola.

Dena den, zuzendaritzak ohartarazi du espedientea murritzagoa izan daitekeela, baldin eta sindikatuek hainbat neurri onartzen badituzte: aurten eta datorren urtean soldata bere hartan uztea, aurre erretiroak negoziatzea eta borondatezko kaleratzeak. Aurten, jarduera bi hilabetez eteteko behin-behineko bi dosier aurkeztu ditu, baina oraingoa behin betikoa da. Salmentak gutxitu eta produkzioa %23 murriztu dela argudiatzen du enpresak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.