Bost arrisku ekonomiarentzat

Ivan Santamaria.
2015eko urriaren 6a
16:44
Entzun

NDF Nazioarteko Diru Funtsak gaur argitaratu duen World Economic Outlook txostenak bost arrisku identifikatzen ditu munduko ekonomiarentzat. Ezustean hazkundeak gora egitea baino gehiago, behera egiteko joerek indar gehiago dutela ohartarazi du. Honako hauek dira:

1- Petrolio eta lehengai prezio txikiagoak:

Lehengai horiek inportatzen dituzten herrialdei mesede egin arren, lehengai esportatzaileen garapena are gehiago trabatuko lukete, bereziki honezkero estu daudenentzat. Hiru aipatzen ditu NDFk, adibide gisa: Errusia, Venezuela eta Nigeria.

2- Txinaren moteltze handiagoa:

Inbertsioan eraikitako ekonomia batetik merkatuan eta kontsumoan oinarritutako batera pasatzeko prozesua espero baino gordinagoa izan liteke.

3- Finantza merkatuen ezegonkortasuna:

Aktiboen prezioetan aldaketa bortitzak gertatu eta finantza merkatuak nahasten badira, ondorioak egon daitezke. Esaterako, kapital ihesa aregotu daiteke gorabidean dauden herrialdeetan. Txinaren hazkunde ahalmenari, Greziaren etorkizunari edo petrolio prezio are txikiagoei buruzko kezka izan liteke ezegonkortasuna pizteko txinparta.

4- Dolarraren balio-igoera:

AEBetako moneta gehiago indartzeak finantzazio arazoak eragin ditzake dolarretan zorpetuta dauden herrialdeetan, bereziki gorabidean dauden merkatuetako enpresetan, zorpetzea nabarmen handitu dutenak azken urteetan.

5- Tentsio geopolitikoa:

NDFk beti aipatu ohi duen arriskua. Oraingo honetan Ukrainari, ekialde hurbilari, eta Afrikako parte batzuetan gerta daitekeenari adi egoteko eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.