Krisia eurogunean

Bost galdera bankuen diru beharraz

Aholkularien txostenak argitaratu ondoren, zalantza ugari azaldu dira kalkuluen eta ondorioen inguruan

Ivan Santamaria.
2012ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Bana-banako informazio falta izan da punturik kritikatuena, baina bankuen kapital beharrari buruzko txostenen argitalpenak bestelako galdera ugari ere sortu ditu jadanik. Oliver Wyman eta Roland Berger aholkularitza enpresen arabera, bankuek gehienez ere 62.000 milioi euro beharko dituzte.

1. Oraingo honetan balioko du azterketak?

«Lehen geunden tokian gaude», atera zitzaion Fernando Gimenez Latorre Espainiako Ekonomia estatu idazkariari azterketen balioari buruz galdetu ziotenean. Aholkulariek erabili dituzten datuak 2011. urteko itxierakoak direnez, hasiera batean Espainiako Bankuak berak aukera zuen antzeko kalkulua egiteko. Haatik, nazioartean sinesgarritasuna galduta daukala iritzi dio gobernuak, eta kanpo aholkularitzaren bidez mesfidantza hori gaindituko duela espero du.

2. Zergatik eskatu dira orduan 100.000 milioi?

Gehien nabarmendu diren kopuruak ekonomiaren egoera zeharo okertzeko arriskuari dagozkio. Haatik, erakundeek espero dituzten aurreikuspenak aintzat hartzen badira, diru beharrak askoz txikiagoak dira. Asko jota, 25.000 milioi euro dira, hiru urtean atera beharrekoak. Espainiako Gobernuarentzat ezinezkoa zen urtero 8.300 milioi euro biltzea? Oliver Wyman enpresak atera duen kalkuluak harridura handia sortu du: 16.000 eta 25.000 milioi euro arteko kapital premia. Kontuan hartu behar da Bankiak berak 19.000 milioi eskatu dituela jadanik.

3. Bankuen balantze osoa ikertu da?

Analista batzuek nabarmendu duten datua da. Lehen aldiz, ez dira soilik eraikuntzako maileguak aintzat hartu, baizik eta familiei eta enpresei eman zaizkien guztiak. Guztira, 1,5 bilioi euro balio dute kreditu horiek. Aldiz, azterketatik at geratu da bankuek esku artean duten zor publikoa, korporatiboa edo enpresetako akzioak. Horietatik 700.000 milioi euro baino gehiago dituzte balantzeetan, baina ez dira horien balizko balio galtzearen ondorioak ikertu.

4. Aurreikusi diren galerak posible dira?

Oliver Wymanen arabera, txarrenean galerak 250.000 eta 270.000 milioi euro artekoak lirateke. Mailegu zorro globalaren %16-18 galtzea litzateke hori. Finantza erakundeek 2007tik 2011ra artean 150.000 milioi euroren galerak hartu zituzten euren gain. Mailegu motaren arabera, ezberdintasun handiak daude, ordea. Orube batzuek balio guztia galduko dutela uste du aholkularitzak. Aldiz, etxebizitza erosteko maileguetan oso galera arinak espero ditu (%4 asko jota), hiru urteko atzeraldi latza eta langabeziak gora jarraitzea espero bada ere.

5. Kalkulatu den kapital beharra fidagarria da?

Oso datu interesgarria ematen du Oliver Wymanen txostenak. Finantza sistema osoa banku bakarra balitz, espero diren galera guztiak estaltzeko aukera izango luke laguntza publikorik jaso gabe, ekonomia hondoratuta ere. Haatik, banku baten irabaziek ez dutenez beste baten galera berdintzeko balio, hortik atera da kapital gabeziaren kalkulua. Kasurik okerrenean, 51.000-62.000 milioi artekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.