LAN OSASUNA

Bost lagun zigortu dituzte, Zestoan langile bat hil zuen istripuarengatik

Enpresetako arduradunek eta segurtasun planen egileak dira zigortuak

Berria.info
2014ko ekainaren 12a
11:17
Entzun

Istripua 2006ko apirilaren 11an gertatu zen. Hildako langilea eta haren lankide bat Zestoara joan ziren, Sansinea poligonoan fundizio baten eraikuntza parte hartzera. Keak xurgatzeko sistemaren hodi batzuk soldatu behar zituzten. Hodi handiak ziren, 8 metro luze baitziren, 1,75 metroko diametrokoak, eta 1.100 kilokoa bakoitza. Hodi horietako bat makinarekin jasotzen ari zen langile bat, beste leku batera eramateko, baina ez zuen makina egonkortzeko balio duten pistoirik zabaldu. Horren ondorioz, hodiaren pisuak makinaren atzeko gurpilak jaso zituen eta makina irauli zuen.  "Langilea saiatu zen makinatik ateratzen, baina ez zuen astirik izan, eta aldaka parean harrapatuta geratu zen eta horren ondorioz hil zen", dio Efe agentziak aurreratutako epaiak.  

Epaileak uste duenez, istripua "egindako segurtasun planaren aurreikuspen eskasaren ondorio izan zen". Ezbeharra eragin zuen makina (manipulatzaile teleskopiko bat) lan horretarako ez zela egokia dio epaiak. Gainera, hildako beharginak "ez zuen inolako formakuntzarik elementuen jasotzea, garraioa edo manipulazioa egiteko erabiltzen diren makinei buruz".

Bost akusatuek beren erruduntasuna onartu dute, eta fiskaltzak eta akusazio partikularrak haien aurka eskatutako zigorra ontzat hartu zuten. Heriotza eragin duen zuhurtziagabetasun arinagatik 600 euroko isuna ordaindu beharko dute, eta 55.000 euroko kalteordaina eman beharko diote biktimaren alabari.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.